Aurtengo edizioan, lau enpresa berrik lortu dute lehen aldiz ziurtagiria: Alegiako Egurre rokodromoa, Tolosako Oria Hotela, Tolosa Iparra Taproom eta Jo Topagunea. Tolosaldeko turismo sektorearen eskaintza zabal eta berritzailearen erakusle ere badirelako jaso dute aitortza, Tolosaldea Garatzenek esan duenez.
Horrez gain, eskualdeko beste zazpi enpresak berritu dute Euskadiko Kode Etikoarekiko konpromisoa: Alkizako Fagus interpretazio zentroa, Berrobiko Iriarte jatetxea, Orexako Ostatua, Rafa Gorrotxategi, Topic Museoa, Ur Mara Museoa eta Tolosaldeko turismo bulegoa.
Gaur egun Tolosaldeko 32 enpresak parte hartzen dute programan, eta 2026an zehar enpresa berriak atxikitzeko aukera dago. Interesa duten eragileek garmendia@tolosaldea.eus helbidera idatzi behar dute.
Zer da Kode Etikoa?
Euskadiko Turismoaren Kode Etikoak funtsezko printzipio batzuk ezartzen ditu, Euskadiko turismo-eragile guztiek erantzukizuna eta iraunkortasuna beren eguneroko jardunean integra ditzaten, oinarri gisa errespetua eta ulermenerako ekarpena hartuta. Kode hori Turismoaren Mundu Mailako Kode Etikoaren egokitzapena da, gure kulturaren eta identitatearen berezitasunetatik abiatuta egina, eta gure izaera definitzen duten balioak baliabide propio bihurtzea du helburu, gure turismo-garapena modu lehiakorrean ulertu eta kudeatzeko.