Interes legitimoaren atzetik

Araitz Uria Lizarra 2026ko apirilaren 15a

Miren Epelde eta Esther Lopez.

Jasotako Haurrak elkartea Gipuzkoan abandonatutako haurren ondorengoek osatzen dute. XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen erdialdera ongintza-sisteman hartu zituzten milaka haurren nortasun eta memoria eskubideak aldarrikatzea da elkartearen helburua.

«Ez daukazue interes legitimorik». Horixe entzun du gaur ere Gipuzkoako beste familia batek. Erantzun bera gaur ere. Agiri guztiak behar bezala aurkeztu eta lau hilabete itxaron ondoren ere, erantzuna berbera da: interes legitimo eza. Eta zer da interes legitimoa? Nork izan dezake interes legitimoa? Nork erabakitzen du nortzuk ez duten interes legitimorik? Eta zergatik?

Ostirala ez bada ere ostiral giroa nabari da Tolosako kaleetan. Jai egunen atariko udaberri giroa da nagusi aste labur honetan; edo, hobe esanda, lanegun gutxiago dituen aste honetan. Plaza Zaharrean sartu eta hortxe daude Miren Epelde (Donostia, 1953) eta Esther Lopez (Tolosa, 1976) ama-alabak elkarren ondoan eserita, hizketan, alai eta kontentu, eguraldi onaren konpainian. Ama-alabak dira, familia berekoak eta, beraz, biak dira espositoen senideak.

Jasotako Haurrak elkartea Gipuzkoako 40 kidek osatzen dute, eta horien artean dira Tolosaldeko lau kide. Ohorezko bi bazkide ere badira, Lola Valverde eta Eva Garcia, biek argitaratu baitituzte espositoei buruzko liburuak; izan ere, elkartearen asmoa horixe da, XIX. mendearen amaieran hasi eta XX. mendearen erdialdera arte Gipuzkoako ongintza-sistemak hartu zituen milaka haurren estigma soziala eta historikoa deuseztatzea eta haien jatorri biologikoaren bilaketan laguntzea.

Miren Epelde eta Esther Lopez Tolosaldeko lau kideetako bi dira, baina eskualde honetan izan ziren kaxako umeen kopuruari erreparatuz gero, oraindik ere Tolosaldeko bazkide gutxi direla onartu dute. «Gai tabua izaten jarraitzen du-eta...». Biek dakite espositoen senide gehiago egon beharko luketela eskualdean, Amezketako baserrietan asko hartzen baitzituzten, adibidez. Eta horixe da Mirenen amaren kasua, Txindoki mendiaren magaleko baserri batean hartu baitzuten.

Miren eta Esther, lehenengoaren ama, bigarrenaren amona izan zen kaxako umea. «Nire ama adoptatua zela uste nuen, baina gerora jakin dugu abegia izan zela, espositoa. Beraz, ezin dugu aurkitu nondik gatozen, informazio eske joaten garen bakoitzean ez digute ezertxo ere ez esaten». Mirenen ama, Estherren amona, Elena 1927an jaio zen Irunen. Jaio eta hurrengo egunean Fraisorora eraman zuten, ez dakite nork. Fraisoron sei hilabete egin zituen eta ondoren Amezketako baserrira eraman zuten. Haren bataio agiria eskuratu zutela azaldu du Estherrek: «Bataio agirian Elenaren amaren izen-abizenak eta haren gurasoenak ere agertzen dira, hau da, nire birramonarenak eta haren gurasoenak. Horregatik, azkar batean zerbait aurkituko genuela pentsatzen nuen, baina amona Elenaren abizenen konbinazioarekin ez da inor ageri. Eta Irungo erroldetan, zerga agirietan... leku guztietan begiratu dugu».

Espositoak, jasotako haurrak, tornuko umeak, kaxakoak... abandonatuak izan ziren haurrak dira. Tornuan edo kaxetan uzten zituzten haurrak izan zitezkeen (hori dela eta deituren arrazoia), edo elizetan, komentuetan eta ongintzako establezimenduetan abandonatutako jaioberriak. Garai batean praktika ohikoa zen, batez ere, pobreziagatik edo estigma sozialagatik, Gipuzkoan ere bai. Horrexegatik ireki zen Fraisoro 1903. urtean. Bertan 12.000 kaxako ume izan ziren, baina hura ireki baino lehen Gipuzkoan beste 14.000 inguru izan ziren. Hau da, bi mendetan zehar gure lurraldean, gutxi gora behera, 25.000 esposito izan ziren.

Haurtzaroa eta oinordetza

«Haur espositoak diru iturri zirelako hartzen zituzten baserrietan, sei-zortzi urte bete arte hiru hilero dirua jasotzen zutelako baserritarrek. Ondoren, adopzio moduko bat egiten zuten, baina umeei inongo eskubiderik eman gabe: espositoek ez zituzten familiaren abizenak jasotzen, oinordetzarik ere ez, hau da, ezer ere ez. Adinez nagusia izan arte Foru Aldundia zen tutore, horregatik, haurrek zortzi urte inguru betetzen zituztenean hainbeste diru jasotzen zuten baserritarrek. Orduan mutilak morroi joaten ziren edo etxean geratzen ziren lanean; aldiz, neskak zerbitzari joaten ziren. Eta gure amona horrelaxe joan zen Donostiara bederatzi urterekin. Espainiako gerra bete-betean», azaldu du Estherrek.

- Miren: Amak esaten zuen bezalaxe «lanerako hartu ninduten».

- Esther: Bai, diru iturri ziren, baina aldi berean baserritarrei esker daude bizirik...

- Miren: Baina zer bizimodu? Nire ama gazteena zen baserrian, txiki-txikitatik bere ahizpen seme-alabak zaindu zituen, gero ahizpetako bat gaizki jarri zenean etxeko lan guztiak egiten zituen... Esklabo bat bezala aritu zen.

Haurtzaro zaila, horixe da jasotako haurren artean orokortzen dena. Ez zuten haurtzaro erraza izan eta kalera begira ere, jasotakoak zirenez gero, gaizki tratatuak izaten ziren, «estigma bat» baitzuten, “marka bat”. Jasotako Haurrak elkartean ez zirela haur maitatuak izan errepikatzen da behin eta berriz. Eta horrek, maitatua ez izateak eragina du umetan, baina helduaroan ere bai, ondoren nola maitatzen dugun, horretan ere eragiten baitu, noski. Familian ondorioak dituela azaldu du Estherrek: «Psikologo batzuk arlo hori ari dira lantzen, traumak oinordetu daitezkeela. Familian eragina duela ziur nago: alde batetik, hutsune batekin bizi zarelako; eta, bestalde, haurtzaro zaila izan duen pertsona bati nabaritu egiten zaionez, ingurukoei eragiten dielako».

Beraz, iragana bada ere espositoen estigma eta tabua, orainaldian hizpide izan behar da. Jasotako Haurrak elkarteak argi du ezin dela ahanzturan geratu haurrek bizitakoa, elkartea haien egiaren, erreparazioaren eta nortasun-eskubidearen alde egiteko sortu baita. Estherrek eta Mirenek dioten bezala, hutsunea hor dago: «Zerbait falta balitz bezala da».

Amona Elenaren istorioa kontatzen bukatutakoan Estherrek amari begiratu eta bota dio galdera: «Eta gero ama, bizitzan aurrera egin eta nor topatu zenuen?». Mirenek buruarekin baietz dio: «Beste esposito bat, senarra». Miren eta Estherren familian beraz, bi senide dituzte, bi esposito.

- Esther: Nire beste amona, amona Carmen, 21 urterekin ezkongabea zela haurdun geratu zen. Ordurako Fraisoroko ama etxea martxan zegoen, beraz, ama etxera etorri eta hor eduki zuen umea, nire aita. Hilabete egin eta Donostiara itzuli ziren, familiaren etxera. Aitak 9-10 urte zituela amona ezkondu egin zen eta beste zazpi seme-alaba izan zituen. Aita semetzat hartu zuen senarrak.

Hutsunea beraz, bi aldetatik sumatzen dutela esan daiteke, eta, horregatik, orain bi urte hasi ziren ama-alabak bilatzen dabiltzan hori aurkitu nahian. «Zuhaitz genealogikoa osatzeko saiakerak egin nituen, bi adar erraz bete ditut, horietan XVI. menderaino iritsi naiz, inongo agiririk eskatu gabe. Amonaren eta aitaren adarrekin hasterakoan berriz, ez dago ezertxo ere ez. Beraz, Tolosako artxibo historikora joan ginen, eta ondoren Gipuzkoako Foru Aldundira, Gizarte Politiketako Sailera».

Espedientea eskuratzeko bidea

Gizarte Politiketako Sailean bukatzen zaie bilaketa lana kaxako umeen senideei. Bertan bukatzen da bidea, baina ez espedienteak eskuratzen dituztelako (nahiz eta aurkeztu behar diren bataio agiri, senide zarela ziurtatzen duten agiri, eta abar guztiak aurkeztu), baizik eta espedienteak jasotzeko eskaeraren aurrean ezezkoa jasotzen dutelako. Mirenek eta Estherrek eskaera egin eta lau hilabetera jaso zuten erantzuna, ezezkoaren erantzuna. Ez zutela interes legitimoa izan zen jaso zuten arrazoia, beraiek ez direlako espositoak, ondorengoak baizik. «Interes legitimoa zer da? Oso termino lausoa da... bagenekien zaila izango zela, baina hortxe amaitu zen bidea».

Azken ezezkoaren ondoren, kasualitatez ezagutu zituen Estherrek Karmele, Sara eta Edurne elkarteko bazkideak. Egunkarian irakurritako haien elkarrizketa batekin pentsatu zuen «gu bezala ere jende gehiago dago». Haiekin harremanetan jarri eta elkartearen sorreran murgildu ziren. Jasotako Haurrak elkartea, beraz, senideek banan-banan ez dutela ezer lortu ikusirik, indar gehiago egiteko asmoarekin sortu da. «Elkar hartzea da helburuetako bat; bestea Aldundiak espedienteak ematea lortzea». Eta bide horretan doaz.

Dagoeneko Arartekoaren babesa du elkarteak: «Gure ustez, eta Arartekoaren ustez, Gipuzkoako Foru Aldundiak aplikatzen dituen arauak ez lirateke aplikatu beharko gure kasuetan; egokiagoak diren beste lege batzuk badaude-eta». Gainera, Arartekoaren aldeko hiru ebazpenez gain, Estatuko Herriaren Defendatzailearen aldeko ebazpena ere jaso dute.

Joan de hilean elkarteko ordezkariek agerraldia egin zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietako Herritarren Eskaeretarako Batzordean, eta urrats hori erabakigarria izan daiteke. Bertan, bozeramaileek azaldu zuten premiazkoa eta presazkoa dela Foru Aldundiak Arartekoaren eta Herriaren Defendatzailearen gomendioak betetzea. Beraz, ikusteke dago azken agerraldiaren aurrean zein den Aldundiaren erantzuna eta balorazioa.

Arartekoak labur esanda honako hau ebatzi du: alde batetik, espediente pertsonal horiek ez dute Gizarte Politiketako Sailean egon behar, baizik eta Kultura Sailean; bestetik, ondare historiko gisa tratatu behar dira dokumentu horiek, eta, ondorioz, Dokumentu-kudeaketa Integralaren eta Dokumentu-ondarearen 5/2022 legea aplikatu beharko litzateke senideei espedienteak ikusteko edo ez ikusteko erabakia hartzerako orduan. Elkarteko kide baten kasuari bagagozkio, haren amona XIX. mendean jaio bazen ere, paper horiek oraindik Gizarte Politiketako Sailean jarraitzen dute, eta, izatez, dokumentu horiek aspaldi Tolosan eskuragai egon beharko lirateke.

Baina, momentuz, behintzat, ez da lege hori aplikatzen, eta zergatik ez den aplikatzen, horixe jakin nahi dute elkarteko kideek. Susmoak izan badituzte.

- Esther: Jauntxoek zerbitzariak bortxatu ondoren izandako haurrak izango dira ziurrenik esposito batzuk. Eta herentziak eskatzen hasiko ote garen, txantxa hori egiten dugu elkartean...

- Miren: Horren atzean jende potoloa dago.

- Esther: Baina gaur egun ere bai?

- Miren: Bai, eliza, besteak beste. Gaur elkarteko kide batekin hitz egiten egon gara, eta haien senidea apaizaren alaba dela dakitela esan digute.

- Esther: Ama etxeetan hartzen zituzten neska edo emakume asko prostituzioan aritzen ziren. Hiru ume utzi zituenik ere bada. Baina gaur egun horiek ezkutatu behar al ditugu?

- Miren: Gerra garaian bortxatuak izan ziren asko ere bai.

- Esther: Familian bertan aitak edo anaiak bortxatutakoak...

Tabutik hizketagaira

Gai sentikorrak dira, baina azaleratu beharrekoak. Horregatik, elkartearen azpihelburuetako bat ere bada espositoen istorioak ez ezik haurrak izan zituzten emakumeen istorioak zaintzea; izan ere, Fraisoroko ama etxean 3.500 espediente sortu ziren. «Gizonezkoen arlo publikoko historia guztia badakigu, jende askok idatzi du horren inguruan, baina emakumeen arlo pribatuko istorio txiki horien inguruan ia ez dakigu ezertxo ere ez», gaineratu du Estherrek.

Baina noski, txosten horiek eskuratzea ere, momentuz, ia ezinezkoa da. Arartekoak gomendatutako legea aplikatuz gero, ordea, dokumentu horiek libre beharko lukete, betiere espedienteko emakumea hil zenetik 25 urte baino gehiago pasa badira. «Orain dela gutxi 1981eko otsailaren 23ko Espainiako estatu-kolpearen dokumentu gehienak argitaratu dira. Eta gu hemen gabiltza XIX. mendeko espediente batzuk ikusi ezinik». Ohorezko bazkideek espositoei buruz idatzi duten bezala ama etxeetan egondako emakumeen istorioa idatzi behar dela deritzo Estherrek: «Senide bezala espediente horiek eskuratu beharko genituzke, baina, gainera, denon eskura egon beharko litzatekeen informazioa eta liratekeen istorioak dira».

Momentuz, behintzat, gaur, Gipuzkoako beste familia batek ez du senidearen espedientea jaso, ez du senidearen istorioa jakiteko eskubiderik, ez baitu interes legitimorik. Baina zer da interes legitimoa? Nork izan dezake interes legitimoa? Nork erabaki lezake nortzuk duten interes legitimoa? Eta zergatik?

 

*Elkartearekin harremanetan jartzeko: jasotakohaurrak@gmail.com.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!