Iruñeko erailketa matxista salatu dute

Ataria 2026ko apirilaren 14a

Oinezkoen zubian egin dute elkarretaratzea.

Mugimendu feministak deituta hainbat elkarretaratze egin dituzte, tartean, Villabona eta Zizurkil lotzen dituen oinezkoen zubian, eta Tolosan.

Igande goizaldean 37 urteko emakume bat hil zen Iruñeko Sanduzelai auzoan, etxe bateko hirugarren solairutik erorita. Iruñeko Udaltzaingoak gizonezko bat atxilotu zuen, emakume horrengandik ezarritako urruntze agindua urratzeagatik. Gaur eraman dute epaitegira, eta Iruñeko Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiak ebatzi du gizona espetxeratzea, urruntze agindua urratu eta emakumea legez kanpo atxikitzeagatik. Epaileak erran duenez, emakumearen etxebizitza berean bizi zen lekuko batek baieztatu egin du emaztekia etxetik ateratzen saiatu zela baina gizonak ez ziola utzi, eta indarrez atxiki zuela. 

Bada, Euskal Herriko mugimendu feministak hilketa matxista salatu du, eta gogoratu 2026. urtea hasi denetik Euskal Herrian eraildako hirugarren emakumea dela Iruñekoa. 

Tolosan egindako elkarretaratzea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!