ELKARRIZKETA

«Oso presaka eta oso distraituta bizi gara»

Imanol Garcia Landa 2026ko apirilaren 19a

Agurtzane Garmendia da Amezketako Pello Zabala Guneko arduraduna. A. IMAZ

Egiten duen guztia goxotasunez egitea gustatzen zaio Agurtzane Garmendiari; besteak beste Amezketako Pello Zabala Guneko arduraduna da. Faltan botatzen du gaur egungo gizartean mantsoago aritzea.

Agurtzane Garmendia (Baliarrain, 1965) ez zen Amezketan jaio, baina bertan bizi da eta barru-barruan du. Herriko Pello Zabala Guneko arduraduna da, eta herriko historia eta ohituren berri ematea maite du.

Nola iritsi zinen Amezketara?

Belauntzan Gure Txokoa diskoteka zegoen, eta Baliarraindik hara asko joaten ginen festara, zaharragoak eta gazteagoak denak batera. Han ezagutu nuen Amezketako mutil bat, Lehenengo, nire gizona da orain, eta berarekin ezkontzerakoan Amezketara etorri ginen bizitzera.

Egun Pello Zabala Gunearen arduraduna zara. Noiztik dago zabalik?

Bost urte egingo ditu laster. Lehen errota zahar bat zen, eta udalak proposatu zuen eta lortu zuen obra egitea. Bi solairu ditu. Behean errota dago, eta bertan dago tobera, eta bertara artoa botatzen da xehe-xehe egiteko. Pixka bat goraxeago, taloak egiteko tailerra egiten dugu, eta herriko historia ere asko lantzen dugu. Gero, goian, Aralarko istorio bat azaltzeko gunea dago. Laster ihes-gela bat izango da, Aralarrera joaterik ez dutenek bertan hori bizitzeko aukera izateko.

Esan duzu taloa egiteko tailerra egiten duzuela.

Garai batean artoa mendian egiten zen, Aralar inguruan. Gero konturatu zirenean artoak urtean uzta bat zuela, uzta behera jaitsi eta animaliak gora igo zituzten. Behean arto gehiago ekoizteko modua lortu zuten. Aralarren Amezketako artzain asko izan dira bertan, eta hori dela-eta mondejuak egiteko ohitura hartu dugu urtean behin plazan. Aralarrek asko du emateko eta ematen du.

Beste tailerren bat ematen duzue Pello Zabala Gunean?

Mondejuen tailerra egin genuen, nola egiten diren mondejuak hasieratik bukaera arte, eta jende pila bat etorri zen.

Eta talo bat nola egiten da?

Artoarena oso gauza kuriosoa da. Erein egiten da eta ez da landatzen; lur azpian geratzen den guztia ereitea da, eta lurraren gainetik dagoena landatzea da. Arto aleak sartzen dituzu, haziak dira azken finean, eta hortik sortzen da artoa. Oso apetatsua da, artoak beraien artean maitemindu egiten baitira. Soroaren alde batean arto mota bat badago eta beste aldean beste bat, polinizatu egiten dira, eta kolore askotakoak ematen dituzte. Guk Pello Zabala Gunean umeei erakusten diegu, ilaran egoten direnean taloaren zain, zer lan duen taloak. Beraz, erein egin behar da, eta gero bildu egiten da; normalean San Isidro egunean ereiten da, baserritarren egunean, eta gero urrian biltzen da. Lehortzen uzten da, errotan xehe egin, eta irina prest izango genuke.

Taloa egiteko, irinaren erdira ura bota behar da. Gero gatza. Termometrorik ez zen izaten garai batean, eta nik ere ez dut ibiltzen. Nire amak beti esaten zuen termometrorik onena zela behatza sartu eta aguantatzeko moduan egotea; oso beroa badago, masa moztu egiten da. Eskuekin oratu, eta jakiteko ondo egina dagoela, ontziak garbi geratu behar du, brillantea. Adi egon masa egiterakoan: goxo egin, horrela goxoago ateratzen da eta. Esku batetik bestera masa pasatzerakoan, ez du eskua zikindu behar; hori da momentua taloari forma ematen hasteko. Errota-harriak erdian zulo bat izaten du, eta masa pixka bat zapalduta dagoenean, zulo bat egiten diogu erdian hatzarekin. Orduan masari erditik kanpora kolpetxoak ematen joaten gara, eta horrela ematen diogu borobil forma. Ahal duzun finena egin behar da, gero plantxan altxatzeko eta barrutik ondo egiteko.

Nola funtzionatzen du guneak?

Telefono zenbaki bat dugu —657 370 156—, eta bertara deituz bisita egiteko eskaera egiten dute. Eskolak, jubilatuak, euskaltegietakoak... etorri izan dira. Ezin da horrelako leku bat egun osoan irekita izan horrelako herri txiki batean. Tolosaldeko turismo bulegotik ere deitzen dute bisitak egiteko. Kanpotik etortzen den jendea Tolosara joaten denean turismo bulegora jotzen du, eta galdetzen dute ea zer egin dezaketen inguru hauetan. Guri jende asko bidaltzen digute.

Ierabizkar Bekoa errotaren eraikinean dago Pello Zabala Gunea. Errotaren funtzionamendua ere azaltzen duzu?

Bai. Garai batean Amezketan zortzi errota zeuden, eta gaur egun bi daude, bakoitza familia banaren esku, eta hau, herriarena da. Bisita egiterakoan erakusten dugu Aralartik datorren ura, eta gero ikusten dute nola turbina hasten den biraka, eta ondoren errotak nola funtzionatzen duen. Errota berez bi harri dira, borobilak, eta erdian zulo bat toberatik joaten den artoa hartzeko. Hori ikusi ondoren, joaten gara taloak egitera.

Herriari bisita egiteko panelak ere badaude, Pernandoren Txokoak izeneko ibilbidea, hain justu.

Ordubete inguruko ibilbide polit bat badago, Amezketako plazatik hasi eta toki batetik bestera eramaten zaituena. Pernando Amezketarra non jaio zen, non bizi izan zen... erakusten du. Horrez gain, Amezketak ere leku polit gehiago baditu: Zazpi Iturri oso ezaguna da, uraren bi ibilbide daude, Amezketako argizaiolak ere ikustekoak dira... Gauza asko ditu Amezketak erakusteko.

Aralar ere oso gertu du.

Esaten dute garai batean kotxeratan etortzen zela jendea eta eliz atarian geratzen zirela. Eta gero hortik abiatzen ziren. Bixente aterpea zegoen, oso ezaguna. Mendizale askok esan didate gazteak zirenean Aralarrera etorri, eta oinetakoak aterpean aldatzen zituztela. Bertan arropak utzi eta Aralarrera mendira joaten ziren. Gero itzultzerakoan, goxo jantzi, eta salda beroa beti izaten omen zen. Mendizaleen zaindaria zen. Sasturain tabernaren ondoan dagoen eraikin handi bat zen aterpea; orain itxita dago. AEKkoek aterpetxe bezala ere asko erabili zuten. Horrek Amezketari ekarpen handia egin zion, mendiarekin lotura hori sortzen lagundu baitzuen.

Turismo aldetik, Amezketa bera bakarrik saltzen dela esan daiteke?

Egia esan ez dago asko hitz egin beharrik. Kanpotik hona etortzen denak ikusten du ingurune hain polita, hain berdea, eta gaur egun hori hainbeste falta da. Arnasgunetzat asko gustatzen zaio jendeari. Jende asko pasatzen da gure ataritik: familiak, adinekoak...

«Arnasgunetzat asko gustatzen zaio jendeari Amezketa; jende asko pasatzen da gure ataritik»

Gauza berezi bat du Amezketako elizak: argizaiolak pizteko ohitura.

Ordiziatik Tolosara, eta gero Aduna eta Villabona inguru arte, eliza guztietan eta etxe guztietan argizaiolaren bat omen zegoen. Argizaiola hitza argizari eta ohola elkartzetik dator. Amezketan tailugile oso onak izan dira. Elizako atea Eladio Balerdik egin zuen, eta Amezketan dauden argizaiola pila bat berak egindakoak dira. Silveirok ere egiten zituen, eta bere suhia den Jesus Vallejok ere bai. Gero beste artista bat ere bazen, Pepe izenekoa, bere garaian minetara etorri zena lanera, eta gero Amezketako batekin maitemindu eta ezkondu zen; hemen ikasi zuen bere sormenez, eta iaz hil zen 93 urterekin.

Amezketako elizan 130 argizaiola daude tailatuta, hilobi bakoitzaren gainean bat. Norbait hiltzen zenean erabiltzen zen. Orain ere etxe askotan pizten da argizaiola etxeko norbait hiltzen denean. Elizara eramaten zen etxeko su baxuko argiarekin estreinatzen zen argizaria. Eta norbait hiltzen zenean joaten ziren erleen kaxara, jotzen zioten, eta «erletxo, erletxo, egizu argizaria, argizaria behar dugu etxeko jabea hil da eta» esaten zitzaien. Etxe guztietan su baxua zegoen, eta han pizten zuten, hango argia elizara eramateko.

Jende asko dago ez dena erlijiosoa, eta argizariari fedea diona. Kandela pizten duena azterketa bat duelako seme-alabaren batek, edo norbait gaixo dagoelako eta ebakuntza ondo ateratzeko. Amezketako elizan pila bat eusten zaio ohiturari, hildakoekin gogoratzeko.

Amezketako berezitasuna da hilobiak elizan bertan daudela.

Baserria ez zen bukatzen bere lurrekin eta abereekin; baserri guztiek zeukaten beste lur zati bat Amezketako elizan, hau da, nitxo bat baina elizaren barruan. Bertan lurperatzen zituzten etxekoak. 210 bat urte izango dira ez dela inor bertan lurperatzen. Pestearen garaian pertsona asko hil ziren, eta ez kutsatzeko hildakoak elizatik kanpo lurperatuko zirela erabaki zuten. Hortik sortu ziren kanposantuak, bestela, elizan lurperatzen ziren toki guztietan.

Baina Amezketan hilobiak elizan egoten jarraitu zuten.

Beste tokietan dena kendu eta baldosak jartzeko agindua eman zuten, eta Amezketan eliza erdia baino gehiago hartzen duten hilobiak daude. Aurrealdean bankuak daude, hamar bat alde bakoitzean, eta gero elizaren atzealdean hilobiak eta gainean belaunaulkiak daude. Beti argizaiolei buruz ari gara, baina argizaiolen bezainbesteko balorea dute belaunaulki horiek: zenbat ama eta amona egon ote diren belauniko bertan beraien hildakoak omentzen.

Azaroaren 1ean jende asko joaten da elizara, baita ikustera ere.

Bai, pila bat joaten da. Santu Guztien Egunean senide asko etortzen dira mezara. Hildakoez oroitzeko eguna izaten da inoiz baino gehiago, eta hildakoei bisita egiteko. Hori sakratua izaten da Amezketan. Argizaiola guztiak pizten dira, eta mezak irauten duen tarte guztian piztuta egoten dira, eta gero bakoitza joaten da kanposantura. Gero familiak biltzen dira bazkarietan-eta.

Argizaiolak ere pizten dira iganderoko mezatan?

Gaur egun, Amezketako amonak bizirik dauden bitartean mantenduko da. Joaten dira mezara eta pizten dituzte argizaiolak, jaiero.

2025eko azaroaren 1ean aritu zinen bisitariei azalpenak ematen.

Asko gustatzen zaio jendeari horrelako ohiturez jakitea. Gaur egun denetarik dugu, eta gauza asko daude eta dena ona da, baina ikusten dut nola Amezketako historia hori hainbeste bizitu den, eta gaur egun ere bizitzen den, zerbait benetakoa dela. Hori beti zaindu dute emakumeek. Jendeak arretaz entzuten du, eta gustagarria egiten zaio.

Heriotzarekin lotuta, eman izan duzu tailerren bat doluaren inguruan.

Vivir un buen morir —heriotza duina bizi— izeneko ikastaro bat egin nuen bi urtez. Orduan ikasi nuen ondo bizi behar dela —norberak bere erara ulertuta, noski—, baina beti kontziente izan behar zarela ondo zauden horretan zer ondo zauden, gero bestelakoak etortzen direnean hortik indarra hartzeko. Gauza asko erakutsi zizkiguten ikastaro horretan, eta Amezketan, urriaren 31 batean eman nuen hitzaldi bat. Baina ez naiz horretan aritzen, bizitzak ez didalako ematen denerako. Asko tokatzen zait gaixo dagoen jendearekin gertutik egotea; egia da norberari tokatzen zaionean izaten direla komeriak, baina beti saiatzen naiz barru-barrutik bizitzea egoera bakoitza.

Tokatu izan zaizu hildakoak apaintzea.

Bai, pertsona hori goxatzea. Azkenean pertsona hori izan zen bezalakoa eta berari gustatzen zitzaion modura jartzea, goxo-goxo prestatzea. Asko makillatu izan ditut eta baita ilea orraztu ere hil eta gero; lan oso berezia da.

Eta ez dizu beldurrik-edo ematen lan horrek?

Nik ez diot beldurrik hildakoak ikusteari. Gaizki hiltzeari eta minez hiltzeari beldurra badiet, baina behin pertsona bat hiltzerakoan, eta nik ahal dudan goxoen prestatzea, gertukoa denean, oparitxo hori egitea asko gustatzen zait. Familiakoak pozik geratzen dira, bidali dutelako bizitzan egoten zen espresioarekin, begiak itxita noski, baina ilea eta azala-eta polita eta goxo jarrita. Asko eskertzen dute.

Nolaz hasi zinen lan horretan?

Apaindu nuen aurrenekoa nire ama izan zen. 68 urterekin hil zen gure ama, Donostian, erresidentzian. Nik astebururo egiten nion ilea. Pentsatu nuen ea ausartuko ote nintzen, eta egia da ikaragarri sufritu nuela, baina egin egin nuen, eta oso polita joan zen gure ama. Geroztik, batek besteari komentatu, eta horrela sortu zen. Ni neroni gerturatzen naiz familiakoei galdetzera ea nahi duten hildako senidea prestatzea; oso delikatua da. Gertukoei egiten diet. Nire ama orraztetik hasi zen hau guztia.

Gaur egun heriotzari nola begiratzen zaiola uste duzu?

Aralarri buruz egon gara hitz egiten, eta berriro hara bueltatuko gara. Aralarren hildako pila baten hezurrak daude. Guk uste dugu erraustearena gaurkoa dela, baina kaxan sartu eta kanposantura sartzea berriagoak dira. Garai batean Amezketan kaxa komunitario bat egon zen, bakarra; koruan egoten zen. Amezketako hilobietan sartzeko, kaxa horretan ekartzen zen, eta gero maindire batean bilduta-edo hilobian sartzen zen, eta kaxa berriro joaten zen korura. Amezketako Aralarrek heriotzari buruz historia ikaragarriak ditu, eta hortik lotuta dago heriotza nola ikusten duzun. Beti esaten zuten trikuharriak eguzkiari begira zeudela, eta hildakoa jarri behar zela eguzkia ateratzen zen lekuari begira. Horregatik Amezketako elizak, eta ia denek, eguzkia ateratzen den lekura, ekialdera, daukate jarrita aldarea. Hiletetan, hankaz sartzen da elizara hilotza, beti ekialdera begira egoteko. Aralarren ere denak horrela lurperatzen zituzten. Gero, eguzkiaren forma ematen zitzaion harriekin. Harriak borobilean badaude, hor hildako bat edo batzuk daudela esan nahi du. Eguzkia eta ilargia garai bateko jainkoak ziren.

«Amezketako elizak, eta ia denek, eguzkia ateratzen den aldera, ekialdera, daukate jarrita aldarea»

Begirada hori galtzen joan da. Berreskuratu daiteke?

Nik uste dut gaur egun denerako presa dugula. Lehen etxean egoten ziren hildakoak, eta orain hori pentsaezina da. Berez hori egin daiteke, baina ziur aski horri buruz gaizki hitz egingo litzateke. Beste aldera jarri garelako. Dena azkar egin: prestatu, lehenbailehen hileta eta agurra egin... Halere, herri txikietan asko eusten zaio lasai egote horri. Baina geroz eta presa gehiago dago, eta nik hori botatzen dut faltan, hainbesteko presa gabe aritzea. Betirako doa, eta esaten zuten garai batean Jesus hirugarren egunean berpiztu zela, eta hiru egun behar zirela hildakoari lasai utzi eta gero egin beharrekoa egiteko. Nik gauza horiek faltan botatzen ditut. Oso presaka eta oso distraituta bizi gara.

Hileta zibilak ere gidatu izan dituzu Amezketan bertan.

Amezketan hiru bat gidatu ditut. Hori oso polita izaten da, ezberdina. Azkenean heriotza denak berdinak dira, elizatik pasatakoak izan edo ez pasatakoak izan. Pertsona batek bere jantzia galtzen du, baina nik begiak ixten ditudan bakoitzean nire ama ikusten dut, eta sentitzen dut.

Gero eta gehiago egiten dira hileta zibilak?

Guk Amezketan oso politak bizitu ditugu. Baina orain, askotan, presa dela-eta lana ez hartze aldera, tanatorioan bertan egiten dira. Bakoitza bere xarmarekin; adibidez, abeslari ona bazen, abestuz. Nik uste dut gero eta jende gutxiago pasatzen dela elizatik hil eta gero.

Herriko ohituren berri ematen duzu. Zer garrantzi dute ohitura horiek?

Nik sinesten dudana egiten dut bizitzan. Ez zait gustatzen sinesten ez dudana erakusten aritzea. Eta nik sinesten dut errotan; ikusi nuenean errota mugitzeko ura bakarrik behar zela... Elektrizitatea sortu aurreko altxorrak dira, uraren abiadurarekin mugitzen da motorra, eta horrek egiten du artoa irin bihurtzea. Magia da: harria ekarri, harria pikatu zuloak izateko, eta gero irina ateratzea. Eta gehiago beharrik gabe garai batean nola jaten zuten hainbeste talo, eta horrekin batera etxean hiltzen zuten txerria... Eta nik nahi dut gaurko umeak jakitea beraien aitonak eta amonak koltxoiak egiten zituztela artoen azalarekin, eta erakusten diet koltxoitxo bat artoen azalak sartuta. Hemen ardiaren larruarekin ezagutu ditut, baina artoaren azalarekin ez nuen ezagutzen. Artoarekin zenbat gauza egien ziren... Panpinak ere egiten ziren: artoaren azalarekin, artobizarrarekin ilea eginez, sutako hautsarekin begiak, eta piper hautsarekin ahoa. Hemen eginda ditugu, eta erakusten dizkiet umeei; garai bateko panpinak horiek zirelako, besterik ez zegoelako. Ondoren eskolatan panpinak egiten dituzte.

Elizakoari dagokionez, pentsatzen dut Amezketako elizarena eta argizaiolarena ikaragarri berezia dela. Aralarko historia ere oso berezia iruditzen zait: hainbeste artzain eta familia, zenbat kostatuko zen gora igo eta han bizitzea, gero umeak ekarri beharko ziren eskolara... Zenbat zailtasun gainditzen zituzten. Gaur eroso gaude, besteek dena egin, eta halere kexa. Eta ni harrituta nago. Ni ez naiz bidaiatzekoa, ni klasikoetan klasikoena naiz; umeak zaindu, jana prestatu behar badut horixe egin... nagoen lekuan ehuneko ehunean egon, eta lasai. Gauza gehiegitan egiten dut lan, baina horietan sinistu egiten dut.

Bestelako ofizioak ere egin izan dituzu. Horietako bat da ile-apaintzailearena.

Hori oso berezia da. Lehenengo aldiz ilea moztu nion pertsona Baliarraingo nire lehengusu Juantxo izan zen. Tibia eta peronea hautsi zituen, eta etxean zegoen eta ile-apaindegira joateko aukerarik gabe. Gogoratzen naiz sukaldeko guraizeekin patillak moztu nizkiola. Lehengusuak esan zidan ile-apaintzaile izateko ikasi behar nuela. Nik eskolan denak suspenditzen nituen, baina lehengusuari ilea moztu nion eta ikaragarrizko aldaketa eman zuen, eta horixe ikasiko nuela pentsatu nuen. Donostiara joan eta ikasi nuen, eta gero ez dakit zenbat andregai, zenbat ume jaunartzerako orraztu ditudan. Asko gustatzen zait ilearekin ibiltzea, orraztea, makilatzea...

Horrez gain, ostalari ere izan zinen Abaltzisketako Ostatuan.

Bost urte eskas egin nituen. Ezetz esaten ez dakidan horretatik-edo sortu zen. Orduan gertatu zen taberna-eta eramaten zituena hil egin zela, andre zoragarri bat. Besteak beste, eskolako haurrei jangelako zerbitzua ematen zien, eta hori gabe geratu ziren. Ni orduan nengoen hirugarren umea izanda, ile-apaindegia utzita, eta etxean nengoen boladatxo batez. Gizonari esan zion hango lagun batek ea zerbitzu hori ematera animatuko ote nintzakeen, eta animatu nintzen. Aurrena umeei bazkaria ematera; gero plater konbinatuak egiten hasi nintzen, eta gogoratzen naiz ikasi egin behar izan nuela nola egiten ziren. Gero, laugarren semea izan genuenean, eta hanketako arazo ikaragarri bat izan nuenean, zutikako lana oso txarra zenez, utzi egin behar izan nuen. Orain, gehiegi zutik egon beharreko lanak ezin ditut egin, eta jubilatu arte lantxoak egiten aritzen naiz.

Ohiturak zabaltzen aritzeko lan horretan nola sentitzen zara?

Betetasuna ematen du egiten dudan lan horrek. Gauzak ahal dudan goxotasun handienarekin egitea gustatzen zait. Eta gero jendeak eskatu edo galdetu egiten dizu, eta zuk esaten diozu nola egiten dituzun. Denon gustura aritzea ezinezkoa da, baina egiten dudana sinistuta egiten dut. Niri gustatzen zait, eta ondo sentitzen naiz egiten dudana egiten, eta horrek balio du.

Aralar inguruan jaio eta bizi zara. Zer da zuretzat Aralar?

Aralar babes bat da. Aralar inguruan bizitzea da babestuta sentitzea. Airea daukazu, ura daukazu... Eta Aralar emataria da: eman eta eman ari da; ura ematen dizu, belarra ematen dizu, zer ez du ematen Aralarrek, eta gainera debaldekoa. Berak bere horretan naturalki ematea ikaragarria da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!