Aparteko eguna da Bedaioko lurretan kokatutako Bartoloren bordan. Moztaileak datoz Bizkai aldetik, ardiak txukun uztera Aralarrera igotzeko maiatzaren lehenaren bueltan. Abel Beloki Ugarteko artzainak inguruan biltzen ditu familiakoak eta lagunak, ardien modura; bakoitzari bere eginkizuna ematen dio ardi ile-moztaileen lana erraztu aldera. Batzuk ardiak harrapatzen ibiliko dira ardi-moztaileei hurbiltzeko, beste batzuk ardien ileak biltzen ariko dira enbarazurik ez egiteko, etxeko txikienen egitekoa ardiak markatzea izango da —Aralarrera igotzerakoan artzain bakoitzaren ardiek marka zehatz bat izango dute, pinturaz egina— eta, beste batzuk hamaiketakoa prestatzeaz arduratuko dira. Ondo koordinatutako lana da, edonola ere.
Erlojuak 08:00etara hurbiltzen direnean iritsi dira Bartoloren bordara Ipar Arrinda Lekeitiotik, Mikel Etxebarria Dimatik eta Joseba Attard Eako Bedaronatik. Bakoitza bere kotxean, bakoitza bere tresneriarekin. Erritu baten moduan, pauso bakoitza zehazturik dute: arropa aldatzea, oinetako bereziak janztea, eta lanerako izango duten txokoa prestatzea —egur xafla bat lurrean, eta posteetan zintzilikatuta argia, kontagailua eta ilea mozteko makinak—.
300 buru bueltako artaldea —artzain onen gisan, kopuru zehatza ezin esan— mozteko eginkizuna dute Abel Belokiren bordan Arrindak, Etxebarriak eta Attardek. Ardia minutuaren azpitik txukuntzen du moztaile bakoitzak. Azken batean, abiadura horri eusteko atzetik eskarmentua dago: Ipar Arrinda 2000. urtetik ari da moztaile lanetan, Mikel Etxebarria 2005etik eta Joseba Attard 2013tik. Adibidez, Joseba Attard honako lanean hasi zen aitak «inspiratu» zuelako, eta gero, Mikel Etxebarriak erakutsi egin zion lanaren nondik norakoa. Baina benetan ikasi, «edozein lanetan bezala, egiten eta egiten ikasten da».
Moztaile ona izateko kontuan zer hartu behar den galdetzerakoan, Attardek «teknika» azpimarratu du batik bat: «Tresneria ondo zorroztuta eta ondo prestatuta izatea. Ardiaren arabera orrazia aukeratu behar da. Ardiak zer-nolako artilea duenaren arabera, erabaki behar duzu zer orrazi erabili». Abel Belokirenean ardi latxak dira bueltaka dabiltzanak, eta galdera erantzuteko orduan bildotsa da zehazki Attardek esku artean duena: «Bildotsek beste teknika pixka bat eskatzen dute, txikiagoak dira eta norberak gehiago makurtu beharra dauka, gehiago ere mugitzen dira, eta eutsi egin behar zaie, bestela eskapatu egiten dira».
Teknikaz gain abiadura eta kalitatea ere ezinbestekoak dira moztaileen lanean. Joseba Attardek bere azalpenari gogotsu heltzen dio orduan: «Kalitateari begira, garbi eskilatzea gakoa da. Garbi mozteak esan nahi du makina bi aldiz toki berdinetik ez pasatzea: mozketa homogeneoa egitea». Honela, ardiaren kasuan ilea pieza bakarrean ateratzen da: «Urtean behin eskilatzekoak badira, orduan kapa bakarrean ateratzen da».
Lana egiterako orduan, Euskal Herrian lastoaren gainean bertan egiten dira mozketak. Izan ere, ez dago ohiturarik artile hori erabiltzeko. Orain artean, artzainak berak kudeatu behar zuen soberakin hori, eta ordaindu behar zuen sortzen zuen zaborragatik. Aurten aldiz, herriz herri artilea doan jasotzeko bilketa puntua izango dute artzainek, eta 60 kiloko zaku berezietan jasoko dute artile garbia —Amezketaren kasuan uztailaren 9an izango da—.
Batetik bestera
Beste herrialde batzuei begira, ordea, mozketa bera gune garbi batean egiten dute: egurrezko oholtza moduko batean, ardi ilea garbi eta aprobetxatzeko moduan biltzeko. Zeelanda Berria da horren adibide, eta Arrinda, Etxebarria eta Attard hirukoteak ondo ezagutzen dute gainera. Euskal Herriko baserrietan oso ezagunak badira ere, munduan barrena asko eta asko ibilitakoak dira hirurak. Oraintxe Mastertondik (Ipar Uhartea, Zeelanda Berria) bueltatu berri dira Golden Shears munduko txapelketatik. Munduko Txapelketa hiru urtean behin ospatzen da, eta martxoan lehiatu berri da. Joseba Attard taldeburu aritu da, eta «txapelketan erdi parean geratuta, pozik» bueltatu dira.
Munduko Txapelketa, ordea, ez da bidaiatzeko duten aukera bakarra. Izan ere, urte osoan moztaile lanetan aritzeko Euskal Herritik kanpora ere ibili behar izaten dute: «Tokatu zaigu eskilatzea Ingalaterran, Eskozian, Alemanian, Irlandan, Frantzian... Aukera ona ematen digu ingelesa hobetzeko, mundua ezagutzeko eta dirua irabazteko. Azken batean, lanbide bat da, fisikoa da, asko eskatzen du, baina gustatuz gero, ibili daiteke urte osoan zehar ilea mozten».
Tolosaldeko lurretara bueltatuz, urteroko hitzordua izaten dute moztaileek udaberrian, ardiak mendira igotzeko prest uzteko. Inguruan beraz, udaberrian eta udan lan egiten badute ere, lan horri jarraipena emateko Iparraldera jo behar izaten dute: «Hemengoaren ondoren Norvegiara, Eskoziara edo Islandiara joaten gara». Eta lan horiek amaituta, Hego Hemisferiora jotzen dute: «Australia, Zeelanda Berria, Argentina, Uruguai...».
Edonola ere, Euskal Herrian joera berria sartzen ari dela kontatu du Joseba Attardek: «Neguko mozketa ere egiten da. Neguan geroz eta gehiago eskilatzen dituzte ardiak». Lana egon badago, baina lan horri jarraipena emango dionik ez, eta honela, mendeetako lanbide bat arriskuan dago. Hain zuzen ere, duten erronka handiena nabarmendu du Eako moztaileak: «Erronka handiena belaunaldi berriei erakustea da».
Joseba Attard: «Erronka handiena belaunaldi berriei erakustea da»
Hiru orduren bueltan lanak amaitu dituzte Bartoloren bordan hiru moztaileek. Kontagailuak gelditu, eta norberak eguneko lansaria irabazi du. Trasteak jaso, eta Bizkaira, etxera bueltako bidea egitea dute aurretik. Ipar Arrindak, ordea, Nafarroan beste hitzordu bat du etxeratu aurretik, txakurrentzako ikastaro bat ematera doa: «Dibertsifikazioan dago gakoa».
Ardiak txukuntzeaz batera, transmisio lana egin dute moztaileek. Eta bitartean, Beloki familiako gazteenak bueltaka inguruan ibili dira laguntzen, ea lanbidearen harra pizten zaien.