Iruñeko erailketa matxista salatzeko mobilizazioak egingo dituzte bihar

Ataria 2026ko apirilaren 13a

Joan den astean Basauriko erailketa salatzeko Villabona eta Zizurkil arteko zubian egin zuten elkarretaratzea.

Atzo 37 urteko emakume bat hil zen Iruñean, etxe bateko hirugarren solairutik erorita. Gizon bat atxilotu dute, emakumearengandik urruntzeko agindua urratzeagatik. Mugimendu feministak mobilizazioak deitu ditu eskualdean.

Atzo goizaldean 37 urteko emakume bat hil zen Iruñeko Sanduzelai auzoan, etxe bateko hirugarren solairutik erorita. Iruñeko Udaltzaingoak gizonezko bat atxilotu du, emakume horrengandik ezarritako urruntze agindua urratzeagatik; zer gertatu den ikertzen ari dira. Hain zuzen, gertatutakoa argitu artean, «zuhurtzia» eskatu du Iruñeko Udalak. Horrekin batera, babesa helarazi diete hildakoaren familiari eta lagunei.

Euskal Herriko mugimendu feministak hilketa matxista salatu du, eta mobilizatzeko deia egin die herritarrei. Gogoratu du, bestalde, 2026. urtea hasi denetik Euskal Herrian eraildako hirugarren emakumea dela Iruñekoa.

Tolosaldean, honako mobilizazioak egingo dira asteartean, apirilaren 14an:

  • Villabona-Zizurkil

    • 18:30. Oinezkoen zubian
  • Anoeta

    • 19:00. Plazan.
  • Berastegi

    • 19:00. Plazan.
  • Tolosa

    • 19:00. Trianguloan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!