Tolosaldeko ESIko kudeatzailearekin bilera eskatuko du TOPAk

Ataria 2026ko apirilaren 10a

Osasun Publikoaren Aldeko plataforma «kezkatuta» dago eskualdeko osasun-arretaren etorkizunarekin. Asuncion Klinikarekin dagoen hitzarmena zertan den jakin nahi dute.

TOPA plataformak Tolosaldeko herritarrei dei egin die Osasun Publikoaren Aldeko OPA plataformak deituta egingo diren manifestazioetara joateko. Hurrengo larunbatean, hilaren 18an, izango dira manifestazioak, Bilbon eta Gasteizen 12:00etan, eta Donostian 17:00etan.

TOPAk adierazi duenez, «oso kezkatuta» daude. «Oraindik ez dakigu nola konponduko diren Tolosaldeko osasun-arretan dauden hutsuneak, orain eta 2031n Tolosan zentro berria eraiki bitartean». Gainera, ospitale berriaren inguruan «zalantza handiak» dituztela esan dute. «Ez daukagu zehaztasunik, oraindik ez baitugu haren plan funtzionala ezagutzen sailburuak iazko azarorako promestu bazuen ere. Beraz, ez dago ezer definituta, zazpi pisu eta espezialitate batzuk izango dituela dioen propaganda besterik ez».

TOPAk dioenez eraiki asmo dutena «ez da eskualdeko ospitale publikoa izango»: «Badirudi kanpo-kontsultak egongo direla, eta espezialistak zentro berrira etorriko direla lanera, kontsultak egitera, baina ez dakigu etengabeko arreta duen plantilla finkoa izango den. Kirurgia anbulatorioa ere egongo dela dirudi, baina ospitaleratzea behar duen kirurgia handi guztia Donostiara bideratuko da. Kezkagarriena da oraindik ez daukagula Tolosaldeko osasun-arretaren etorkizunaren inguruko zehaztasunik».

Bada, TOPAk zalantza horiek argitu nahi ditu, eta horretarako, Tolosaldeko ESIaren baliabide guztiak kudeatzeaz arduratzen den Tolosaldea ESIko kudeatzailearekin bilera bat eskatuko dute.

Gainera, Asuncion Klinikarekiko hitzarmena nola dagoen eta une honetan nolako arreta ematen ari den ere jakin nahi dute; «Izan ere, badakigu Asuncion Klinikatik mediku ugari joan direla».

Tolosaldearen eta Donostiaren artean koordinatzaile lana egiteko jarri den barne-medikuntzako mediku berriari buruz ere galdetu nahi diote. «Zer harreman du klinikako espezialistekin, anbulatoriokoekin eta Donostia Ospitalekoekin? Mediku horrek Donostia Ospitalean osasun-arreta jasotzeko aukera erraztuko digu? Zein kasutan artatuko gaituzte Donostia Ospitalean, zentro berria eraikitzen den bitartean?». Plataformaren ustez, barne-mediku bakar bat lanean hasteak ezin izango ditu konpondu Tolosaldeko osasun-arretan dauden hutsuneak.

Bestalde, ospitalea eraiki bitarte Donostiako Ospitalea askatasunez hautatu ahal izatea eskatzen dute, «osasun-zerbitzu publikoek artatuak izateko dugun eskubidea baliatuz». TOPAren arabera, Tolosaldeak «ekitaterik gabe» jarraitzen dugu. «Ez dugu galdu nahi, EAEko gainerako eskualdeek bezala, eskualdeko ospitale publiko bat izateko aukera».

«Tolosaldean bizi dugun larrialdi egoera, pribatizazio jarraituaren ondorioz ditugun arreta gabeziak edota parte hartzerako ezintasunak eta informazioa eskuratzeko zailtasun etengabeak, Osakidetzaren narriadura eta pribatizazio estrategia sostengatu baten barruan ere ulertu behar ditugu, EAEko Osasun sistema publikoa mehatxatzen ari dena», esan dute.

TOPAK dioenez, osasun sailburuak «balantze triunfalistak saltzen» jarraitzen du, egiturazko arazoek «bere horretan» dirauten bitartean. «Azpiegitura handiak iragarri ditu, baina profesionalak falta dira horiei erantzuteko. Adreiluak eta soluzioak nahasten ditu. Eta pribatizazioak aurrera egiten duen bitartean, iragarritako inbertsioak ez dira lehen mailako arretara iristen».

Tolosaldea gainontzeko eskualdeekin berdinduko duen eskualdeko ospitale publiko baten alde borrokan jarraituko dutela adierazi dute, «baita murrizketarik eta pribatizaziorik gabeko kalitatezko osasun-arreta emango duen Osakidetza baten alde ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!