Euskal selekzioak urrea lortu du nazioarteko jokoan

Ataria 2026ko apirilaren 9a

Munduko Pilota Txapelketan emakumezkoetan lehen postua lortu du, eta gizonezkoetan zilarra.  Miren Larrartek eta Itxaso Erasunek jokatu dute euskal selekzioarekin.

Argentinako Mendoza hirian jokatzen ari da egunotan Munduko Pilota Txapelketa, eta atzokoan bigarren eguna izan zuten. Nazioarteko Jokoa modalitatean euskal selekzioak urrea lortu zuen emakumezkoetan, eta zilarra gizonezkoetan.

Emakumezkoetan Txileren (6-2) eta Valentziaren (6-3) aurka jokatu zuten ligaxka, eta bietan irabazi ondoren finalerako sailkatu ziren. Finalean Herbehereen aurka jokatu zuten, eta partidaren erdira arte berdinduta joan baziren ere, 3-3ko markagailuarekin, hortik aurrera euskaldunek aurrera egin eta 6-3 irabazi zuten finala. Txileren aurka Itxaso Erasun zizurkildarra aritu zen jokatzen, eta Miren Larrarte bidaniarra Valentziaren aurka eta finalean.

Gizonezkoen selekzioan teknikari bezala Iñaki Esnal larrauldarra aritu zen. Finalerdia Valentziaren aurka irabazi eta gero, finalean Italia izan zuten aurkari. Kostatu egin zitzaien partidan sartzea eta 4-1 galtzen joan eta gero, 5-4 azpitik ia buelta eman zioten partidari, baina amaierarako 6-4 galdu zuten italiarren kontra, eta zilarrezko domina lortu zuten euskaldunek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!