Butano-bonbona ezarritakoa baino prezio altuagoan saltzen ari direla ohartarazi dute

Ataria 2026ko apirilaren 8a

Tolosaldeko kontsumo bulegoak salatu duenez, bonbona banatzailea ezarritakoa baino prezio altuagoan ari da saltzen bonbonak.

Tolosaldeko kontsumo bulegoak ohartarazi du eskualdeko butano-bonbona banatzailea dagokiona baino prezio altuagoan ari dela bonbonak saltzen.

Ainhoa Orrantia kontsumo bulegoko arduradunak esan duenez, adineko herritarrekin izandako hainbat kasu helarazi dizkiete. Orrantiak argi utzi du butano-bonbonaren prezioa Espainiako Gobernuak ezartzen duela, eta bi hilabetez behin eguneratzen duela. Prezio hori BOEn argitaratzen da. Bada, bonbonen salmenta prezioak ezin du aldizkarian argitaratutakoa baino handiagoa izan.

Bestalde, kontsumo bulegoko arduradunak azaldu du banatzaileak dagokiona baino prezio handiagoan saltzeaz gain, ez duela ordainagiririk ematen.

Butano-bonbona erostera doazen herritarrei adi egoteko eskatu die kontsumo bulegoak: «batetik, ondo begiratu dezatela prezioa, eta bestetik, eskatu dezatela ordainagiria».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!