Basauriko erailketa matxista eta Berrizko erailketa saiakera salatu dituzte

Ataria 2026ko apirilaren 7a

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta elkarretaratzeak egin dituzte Berastegin, Villabona eta Zizurkil arteko oinezkoen zubian, Tolosako Trianguloa plazan eta Irura eta Anoeta arteko zubian.

Asteazkenean gizon batek bere emaztea hil zuen. Urteko bigarren erailketa matxista izan da. Horren aurrean eskualdean lau mobilizazio egin dituzte gaur arratsaldean, «amorrua eta mina» adierazteko. Salatu dute sistema hau jasanezina dela emakumeentzat: «Sistema zisheteropatriarkal, kapitalista, arrazista kolonial honetan emakumeok* emakume* izate hutsagatik erailtzen gaituzte, eta indarkeria matxista egunerokotasunean jasan behar izaten dugu; lantokian, kalean, etxean. Erailketak indarkeria matxistaren aurpegirik lazgarrienak dira. Egiturazkoa den indarkeria honekin amaitzea urgentea da eta egunero zapaltzen gaituen sistema zisheteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonialarekin amaitu behar da».

Adierazpenean, halaber, gizonen ardura azpimarratu dute: «Gizonok zuen erantzukizuna duzue honetan guztian. Egiturazko arazo honen sostengatzaileak zarete. Noiz bukatu behar duzue zuen arteko konplizitate eta isiltasunarekin?».

Erakundeei prebentzioan eta baliabideetan urrats sendoak emateko eskatu diete. Mugimendu feministak adierazi du autodefentsa feministan, aliantzen sorreran eta gune seguruak eraikitzen jarraituko dutela, indarkeria matxistarekin amaitzeko helburuarekin.

Elkarretaratzeetan Berrizko erailketa saiakera ere salatu dute, elkartasuna adieraziz gizonezko batek labankadaz larri zauritu zituen bere bikotekideari eta semeari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!