Azken urteetan bezala, aurten ere hobaria izango dute Atarikideek errenta aitorpenean. Gipuzkoako Foru Aldundiak interes orokorreko xedeen esparruan lehentasunezkotzat jotzen diren jardueren zerrenda bat egiten du ekitaldi bakoitzeko, entitate onuradunak zein diren eta jarduera horiei zer beharkizun eta baldintza bete behar dituzten zehaztuta. 2020an euskararen esparruko lehentasunezko jardueretan herri eta eskualde mailako euskarazko hedabideak zehaztu zituzten lehen aldiz, eta aurten ere ildo bera jarraituko du. ATARIA lehentasunezko jarduera izendatu du berriz ere, eta ondorioz, lehentasunezko mezenasgo jardueretan jarraitzen du.
Beraz, Atarikide guztiek, hau da ATARIAren harpidedunek, 2025eko ekitaldian egindako ekarpenaren araberako onura fiskala jasoko dute aurtengo errenta aitorpenean. 3/2004 foru arauan araututako lehentasunezko jarduerek %30ko kenkaria dute. Papereko harpidetza duten Atarikideek 98 euroko kuota ordaindu dute, eta horren %30 bueltatuko dio ogasunak aurtengo errentan. Harpidetza digitalen kasuan, 70 euroren %30 itzuliko zaio. Gipuzkoako Ogasunetik jakinarazi dute zuzenean gurutzatu dituztela datuak eta beraz, Atarikideek ez dute inongo izapiderik egin beharko.
Atarikideren bati zuzenean ez badio aplikatu edo arazorik balu, ATARIAren bezero arretarekin harremanetan jarri behar du (atarikide@ataria.eus helbide elektronikora mezua bidaliz edo 943 65 56 95 telefono zenbakira deituz), datuak zuzentzeko eta datorren urtean hobaria jasotzeko.