Peña II.ak eta Jakak aurrera egin dute buruz burukoan

Ataria 2026ko apirilaren 7a

Peña II.a eta Jaka final-laurdenetako ligaxkan izango dira.

Asteburuan hasiko da final-laurdenetako ligaxka, eta zortzi pilotarietatik lau eskualdekoak dira.

Final-zortzirenetako kanporaketak jokatuta, lehian aritu diren eskualdeko bi pilotariek aurrera egin dute Buruz Buruko Txapelketan. Peña II.ak 22-20 irabazi zion Peio Etxeberriari Zarautzen, 16 tanto egin eta 10 galduta. Jakak 21-22 irabazi zion Ezkurdiari Lizarran, 19 tanto egin eta 9 galduta. Biak, beraz, asteburuan hasiko den final-laurdenetarako ligaxkan izango dira. Hor daude zain Altuna III.a eta Artola.

Altuna III.a A multzoan dago eta ligaxkako lehen partidan Lasoren aurka neurtuko ditu indarrak larunbatean Nafarroa Arenan. Multzo horretan dago Jaka eta lehen partidan Dario izango du aurrez aurre igandean Zumaian. Artola B multzoan dago, eta bere aurkaria Larrazabal izango da ostiralean Azkoitian. Peña II.a ere B multzoan dago, eta asteburu honetan ez du jokatuko partidarik; ligaxkako bere lehenengo neurketa Zabalaren aurka izango da, hilaren 18an Labriten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!