'Eguneroko legez' film laburra apirilaren 20an estreinatuko dute

Ataria 2026ko apirilaren 7a

Film laburraren kartela

Julen Duhau tolosarrak zuzendutako lana Tolosan grabatu zuten, eta eskualdeko herritar ugarik parte hartu du.

Tolosan grabatutako film laburra da Eguneroko legez, eta lana zuzendu eta idatzi duena ere tolosarra da, Julen Duhau. Kokapenaz eta zuzendaritzaz harago, pantailan ageri diren aktoreetako asko eskualdekoak dira, eta arlo teknikoa eta artistikoa osatu dutenen artean ere nabaria da Tolosaldekoen presentzia. Bada, lana apirilaren 20an estreinatuko dute Bilbon, eta laster eskualdean erakustea da egileen asmoa.

Duhauk zuzendutako fikziozko lanak lau emakumeren egunerokoa kontatzen du. Goizero autobus berean elkartzen dira lanerako bidean, eta hamar minutuko bidaia horretan, elkarrizketa xumeek, isiluneek eta keinu txikiek indar berezia hartzen dute. «Une labur horretan, errutinaren pisua arintzeaz gain, ahizpatasun eta babes espazio bat sortzen dute, eguneroko bizitzaren erraietan sortzen diren loturak agerian utziz», kontatu dute. 

Elkarrizketa horietan hainbat gai ukitzen dituzte, hala nola, lan-baldintza prekarioak, zaintza, zahartzea, bakardadea edota genero-desoreka. «Hala ere, ez du salaketa zuzenik egiten; aitzitik, eguneroko elkarrizketa naturalen bidez askotan entzuten ez den ahots kolektibo bat azaleratzen du».

Film laburra Tolosan grabatu zuten urtarrilaren 30ean eta 31n eta otsailaren 1ean, Laskorain ikastolan eta Naparzubiaren inguruan. Talde tekniko eta artistikoan Tolosaldeko hainbat sortzailek parte hartu dute. Horien artean daude Iraitz Lizarraga (Zizurkil), protagonista; Eihara Irazusta (Tolosa), aktorea; Garazi Jauregi (Elduaien) arte zuzendaria; Leire Zubeldia (Aduna), atrezzo arduraduna; Amaiur Galarraga (Zizurkil), produkzio laguntzailea; eta Inko Lasa (Amezketa), makillaje eta ile-apainketaz arduratu dena.

Film laburra apirilaren 20an estreinatuko dute, Bilboko Bizkaia Aretoan, EHU Kulturaren Udaberri Kulturala zikloaren barruan. Ekitaldiak proiekzioa ez ezik, solasaldia, musika zuzenean eta bestelako jarduerak ere bilduko ditu.

Proiektua Leioako campusean Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari diren gazteek sortu dute. Kontatu dutenez, hasieran ez zuten baliabide ekonomikorik, baina, EHU Kulturaren beka bati esker aurrera eramatea lortu dute. Sortzaileek, gainera, eskerrak eman dizkiete proiektua babestu duten tokiko eragile eta komertzioei: «Gozona, Mahala, Insalus, Botarri Jatetxea, Zeu ileapaindegia, Eguzkilore kafetegia, 66 taberna, Kopibat denda eta Laskorain ikastolari eskerrik asko, euren ekarpena funtsezkoa izan baita filmaren ekoizpenean». 

Estreinaldiaren ostean, Eguneroko legez film laburrak jaialdietan ibilbidea egitea aurreikusten dute, eta, Tolosaldean ere erakusteko asmoa azaldu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!