Altuna III.ak hirugarren txapela jarraian jantzi nahi du

Ataria 2026ko martxoaren 31

Buruz Buruko Txapelketaren aurkezpena egin dute gaur Bizkaia frontoian. BAIKO PILOTA

Amezketarrak Buruz Buruko Txapelketaren aurreneko bi txapelak lortu ditu. Final-laurdenetako ligaxkan ariko da zuzenean, eta bertan ere dago Iñaki Artola iazko finalista. Jon Ander Peña eta Erik Jaka asteburuan saiatuko dira final-laurdenetarako txartela lortzen.

Asteburuan hasiko da aurtengo Buruz Buruko Txapelketa, eta eskualdeko lau pilotari ariko dira lehian. Jokin Altuna da azken bi urteetako txapelduna, eta hirugarren txapela jarraian lortzen saiatuko da. Final-laurdenetako ligaxkan izango da, eta berarekin Iñaki Artola izango da, hori bai, multzo ezberdinetan. Jon Ander Peña, atarikoa irabazi ondoren, asteburuan partida irabazi eta final-laurdenetako ligaxkan sartzen saiatuko da. Erik Jakak ere asteburuan du partida, eta ligaxkan egotea da ere bere nahia.

Bi multzo daude final-laurdenetako ligaxkan. A multzoan daude Altuna III.a eta Laso, eta Jakak hor bere lekua izateko igandean Ezkurdiari irabazi beharko dio Lizarran. Laugarren pilotaria Dariok eta Elordik ostiralean Bastidan jokatuko duten partidaren irabazlea izango da. B multzoan daude Artola eta Larrazabal. Bertan nahi du egon Peña II.ak, eta horretarako larunbatean Peio Etxeberriari irabazi behar dio Zarautzen. Laugarren pilotaria ere larunbatean erabakiko da, Logroñon Bakaikoa eta Zabala artean jokatuko den partidan.

Apirilaren 10etik maiatzaren 10era jokatuko dira ligaxkako partidak, eta finalerdiak multzo bakoitzeko lehenengoaren eta bestearen bigarrenaren artean izango dira. Finala maiatzaren 31n izango da, Nafarroa Arenan.

Buruz buruko Serie B txapelketaren aurkezpena ere egin dute, baina ez da eskualdeko pilotaririk izango bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!