Tolosaldean ere bada zer egin eta zer ikusi

Leyre Carrasco 2026ko apirilaren 1a

Tolosaldeko turismo bulegoak bisita gidatu ugari antolatu ditu egunotarako, eta inguruko museoak ere zabalik izango dira.

Aste Santua da, urte osoko turismo datuei begiratuz gero, okupazio tasa altuena izaten duen garaia. Neguko hotzak ahaztu, eta udako beroaren esperoan, irteera txikiak eta egun pasak egiteko aprobetxatzen du jende askok. Tolosaldea leku aproposa da oporraldi motz batek eman dezakeen guztirako –gastronomia zaindua, lasaitasun naturala eta herri baten kultura–, eta aurtengoan ere izango da zer egina bertan.

Izan ere, Aste Santuko oporraldia ate joka dabil, eta eskualdean eskaintza zabala dugu egun hauek bertan eta bertakoekin goxatzeko, naturarekin konektatuz, kultura eta ondarea ezagutuz eta gastronomia dastatuz.

Horretarako, Tolosaldeko turismo bulegoak, Tolosa erdigunean, bisita gidatu ugari eskaintzen ditu: alde zahar historikora bisita, larunbateko azoka ezagutzeko bisita edota Andre Mari elizako gangak ikustekoa, adibidez. Baina inguruko herrietan ere bada zer ikusi. Esaterako, Hernio-Gazumeko ingurunea azaltzen duen Fagus interpretazio gune berria, Alkizako Ur Mara museoa edota Larraulgo ondarea jasotzen duen ekomuseoa.

Erreserbak Tolosaldea.eus webgunearen bidez egin daitezke, eta bertan jaso daiteke informazio gehiago ere. 

ESKAINTZA
  • TOLOSAKO ALDE ZAHARRA. Ordu bete inguruko bisita gidatuan, kalez-kale Tolosako historiaren zati bat, bere kokapenaren garrantzia eta beste hainbat istorio ezagutuko dira. Andre Maria parrokiatik hasita, Aranburu jauregia, parke arkeologikoa, errota zaharra, udaletxea, Zerkausia, Gaztelako atea eta herriko beste txoko batzuk bisitatuko dira. Apirilaren 2, 3,4 eta 5ean, 10:00etan; apirilaren 2, 3 eta 5ean, 11:00etan; apirilaren 5ean, 12:30ean; eta apirilaren 2, 3, eta 4ean, 17:00etan.
  • ANDRE MARI ELIZA. Gipuzkoako elizarik handienetako batera sartzeko aukera ematen du bisitak, zutabez osatutako nabe handira. Baina zalantzarik gabe, bisitaren interesgune handiena gangetarako igotzeko aukera da. Apirilaren 2, 3 eta 4ean, 12:30 eta 15:30ean.
  • TOLOSAKO AZOKA. Tolosako azoka, zalantzarik gabe, gastronomikoki eskualdearen argazkirik onena da. Larunbateroko plan saihestezina. Gida batekin bisitatuko da azoka. Historian zehar izan duen garrantzia eta herriaren garapenean izan duen eragina kontatuko du, baita eskualdeko produktu askoren jatorria ere. Apirilaren 4an, 11:00etan.
  • TOPIC MUSEOA. Egunotan, Binefarko Txotxongiloak konpainiaren Anton Retaco ikuskizuna izango da ikusgai. Ikuskizunaren egitura, obrako txotxongiloak zintzilik mantentzen dituen oihalik gabeko erretaula, apirilaren 12ra arte egongo da Topic-eko anbiguan. Horrez gainera, bisita gidatuak antolatuko dira familia osoarentzat. Bisitariek txotxongiloak ukitu eta manipulatu ahal izango dituzte eta, aldi berean, proiektatuko ikuskizuna ikusi. Apirilaren 10ean, 10:00etan euskaraz eta 18:00etan gaztelaniaz.
  • TXOKOLATEAREN MUSEOA. Txokolatea maite duenak Rafa Gorrotxategiren Txokolatearen Museoa ezin du galdu. Bertan, bisita gidatu bat egin edota tailerretan parte hartzeko aukera izango da, txokolatearen historia eta ekoizpen-prozesua sakon ezagutzeko. Familian gozatzeko plana, eta norbere kontura ere bisita daitekeena.
  • FAGUS ALKIZA. Hernio-Gazumeko bihotzera hurbiltzeko leiho berritua da Fagus Alkiza Hernio-Gazumeko interpretazio zentroa. Otsailaren 27an ireki zituen ateak espazio berrituak, eta orain, bisita libreak egunero egin daitezke aurrez Fagus-alkiza.eus webgunearen bidez erreserbatuta. Bertan, Hernio Gazume babestutako eremuan bizi diren hainbat animalia, ekosistema eta tradizioen berri izango du bisitariak.
  • LARRAULGO EKOMUSEOA. Herriaren ondarea jasotzen duen museo txiki bat da Larraulgoa, Larraulekomuseoa.eus webgunetik sarrera erosi eta norbere martxan bisitatu ahal izango da. Bertan landa inguruaren garapena ulertu ahal izango da, pieza etnografikoekin eta lagungarri diren hainbat informazio panelekin. Egunotan, Artozko tapiz alfonbrak erakusketa izango da ikusgai, apirilaren 24ra arte.
  • UR MARA MUSEOA. Alkizan bertan, herrigunetik Asteasura jaisteko bidean, Koldobika Jauregi eta Elena Cajaravilleren proiektu pertsonaletik abiatutako aire libreko arte museo honek urtero udaberrian irekitzen ditu ateak, apirilaren 1ean. Bisita librea edo bisita gidatuak egin daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!