Joan den igandean itzali zituen labeak Albiztuko Ogi Ona okindegiak. Hiru belaunaldiz eta 100 urte pasatxoz aritu dira ogia eta gozoak egiten, eta zerbitzua eskualdeko herritarrei ematen. Bi saltoki izan dituzte Tolosan, duela zenbait urte itxi zuten beste bat Ibarran, eta Villabonako zenbait dendari ere saltzen zieten ogia. Hori gutxi ez, eta Albizturren egunero etxez etxeko zerbitzua ere ematen zuten, herritarrei ogia eta egunkaria iritsarazteko.
Urte hauetan Albizturren izan dute lantegia, eta joan den asteburuan jaso zuten omenaldia Albizturko Udalaren eta Festa Batzordearen eskutik. Igandean IV. Albizturko Azoka izan zuten, eta hitzordua baliatu zuten herritarrek okinei omenaldia egin, eta egindako lana oroigarriekin zein opariekin eskertzeko: «Gure herriaren zati garrantzitsu baten amaiera izan da, eta esanahi berezia du guretzat».
Erreleborik ez
Joxe Mari Zubizarreta Izeta arduradunak kontatu du «pena handiz» hartu dutela erabakia, eta oraindik «barneratzen» ari direla: «Ez da batere erraza halako erabaki bat hartzea, baina hurrengo belaunaldiak jarraituko ez duenez, eta erretiroa hartu dudanez —joan den igandean bete nituen 65 urte—, ez zuen zentzurik luzatzeak».
Albizturko hirugarren okin belaunaldikoa da Joxe Mari. Bere aurretik, lehenengoak Tomas Zubizarreta Balenziaga eta Ramona Arruabarrena Asteasuarain aiton-amonak izan ziren, eta haiei erreleboa eman zieten Salbador Zubizarreta Arruabarrena eta Maria Socorro Arizeta Unsain gurasoek.
Joxe Mariren hitzetan, bera baino «merezimendu askoz handiagoa» dute gurasoek omenaldia jasotzeko: «Igandeko azokan omenaldia egin ziguten, eta, egia esan, ez genuen espero. Sorpresa polita izan zen, eta oso hunkigarria izan zen momentua».
Ehun urte baino gehiago
Okindegia martxan 1923an jarri zuen Tomas Zubizarretak, eta hiru belaunaldiak urtez urte lantegia «eraldatzen eta hobetzen» aritu dira. Inguruko baserritarrek garia eramaten zieten, eta horrela hasi ziren ogia egiten.
Zubizarretak nabarmendu du «pena handia» ematen diola ixteak, eta etorkizunera begira bera dela lantegiak jarraitzeko «interesa duen lehena». Dena dela, «kontu horiek» aurrerago landuko dituztela ere zehaztu du.