Ludoteka eta udaleku irekietan izena emateko aukera

Ataria 2026ko martxoaren 31

Apirilaren 13tik 30era egin beharko dira izen emateak Larraulen, Alkizan eta Adunan.

Ekainaren 22tik uztailaren 17ra ludoteka eta udaleku irekiak egingo dituzte Aduna, Alkiza eta Larraulgo haurrek. Apirilaren 13tik 30era egin ahal izango dira izen emateak, udal bulegoetan.

Ludotekan 3 eta 6 urte arteko haurrek parte hartu ahal izango dute eta udaleku irekietan berriz 6 eta 12 urte artekoek. Haur bakoitzak 100 euro ordaindu beharko ditu. eta bigarren senidetik aurrera, 90 euroko matrikula ordaindu beharko da.  Gainera, ekainaren 29an, udaleku irekiko gaztetxoek, gaua pasatzeko aukera izango dute Lesakako aterpetxean. Ekimen honetan parte hartu nahi dutenek 35 euro gehiago ordaindu beharko dituzte.

Aiztondo zerbitzuen mankomunitatean edo hiru herrietako kultura zerbitzuetan izango dute interesatuek informazio gehiago: Larraulen 635 289 327 edo kultura@larraul.eus; Alkizan 688 604 66 edo kultura@alkiza.eus; eta, Adunan, berriz, 943 69 26 89 telefonoan edo kultura@aduna.eus helbidean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!