Aiztondo bailarako udalek eta lau elkartek elkarrekin antolatzen dute Aiztondo Klasikoa Txomin Perurena - Patxi Alkorta Memoriala, bailaran bertan errepideko txirrindularitza bultzatzeko helburuarekin. Aurten, 21. aldiz egingo dute, eta bihar izango da. Urtez urte, irteera eta helmuga kokatzeko herriak aldatzen dituzte, eta aurten Alkizan hasiko da, baina txirrindulariak neutralizatuta joango dira Asteasuraino, eta bertan izango da hasiera ofiziala. Helmuga, berriz, Larraulen egongo da. 10:00etan abiatuko dira txirrindulariak, eta azkarrena helmugara 13:30 aldera iritsiko dela aurreikusi dute.
Lasterketaren azken edizioetan, norbanako edo talderen bat omendu dute antolatzaileek. Larunbatean, aurten 50 urte bete dituen Danena Kirol Elkartea omenduko dute, eta Eñaut Urkaregiren lana aipatu eta aitortuko dute. Txirrindulari larrauldarra ez da Aiztondo Klasikoan izango. Dagoeneko profesional mailako txirrindularia da; hortaz, ezin du bere herrian amaituko den proban parte hartu. Iaz arte jubenila izan zen, eta profesional mailara zuzenean igaro izan ez balitz, aurten izango luke lehen aukera.
Ibilbide gorabeheratsua
139 kilometroko luzera izango du aurtengo ibilbideak. Tartean, txirrindulariak bederatzi aldiz igoko dira Adunara, eta behin Alkizara. Bailaran egin ohi duten zirkuituari hiru itzuli emango dizkiote. Laugarren itzulian, Asteasu aldera joan beharrean, Alkizara igoko dira. Bertatik Asteasura jaitsiko dira, eta hasierako zirkuituari lau itzuli emango dizkiote. Azken bietan, Zizurkildik Asteasura joateko, Fraisoro eskolatik eta Muga Ranchetik barrena, Axibar baserriaren eta Sarasola sagardotegiaren ondotik igaroko dira txirrindulariak, eta azken itzulian, Asteasura joan ordez, Larraulera joango dira.
Orain arte, txirrindulariak Anoetako aldetik igo izan dira Alkizara, baina bihar Asteasuko aldetik igoko dira; jaitsi, berriz, Anoetako aldetik. Jaitsiera amaitu aurretik, Sarasola sagardotegiko igoerari ekingo diote txirrindulariek. Hortaz, lasterketa osoa, % 100ean, bailaran egingo dute.
Oro har, ibilbide gorabeheratsua izango da, eta Aduna eta Alkiza izango dira mendate puntuagarriak. Joxe Ramon Aiertza antolatzaileak esan du proba gogorra izan ohi dela txirrindularientzat. «Aldapatsua da, eta ia ez dute lasaitasunerako tarterik izango. Alkizako igoeran eta Sarasolara bidean egingo da lehen galbahea. Hala ere, Muga Ranch inguruan hautsi daiteke. Gainera, Larraulen amaitzen denez, eskalatzaileentzat egokiagoa izango da».
Maila gorenekoa
25 taldetako 175 txirrindularik parte hartuko dute lasterketan; talde gehienak profesional mailako taldeen harrobikoak dira. 23 urtez azpiko maila goreneko proba da, estatu mailako garrantzitsuenetako bat. «Espainiako Koparako puntuagarria denez, probaren aurreko edizioko sailkapeneko lehen 15 taldeek derrigorrez etorri behar dute. Hori dela eta, ziurtatuta dugu maila handiko txirrindularien parte hartzea», azaldu du Aiertzak. Nabarmentzekoa da Aiztondo Klasikoan irabazle izan diren txirrindulari ia guztiak aritu direla gerora profesional mailan.
Boluntarioen lana
Azken asteotan boluntario eske aritu dira antolatzaileak, eta azkenean, bidegurutze guztietarako kopuru nahikoa lortu dute; ehundik gora izango dira. Antolakuntzaren izenean, haien lana eskertu du Aiertzak: «Guk gure lana egiten dugu, baina haiek gabe ezinezkoa litzateke lasterketa egitea». Boluntarioak ez ezik, babesle eta udalak ere eskertu ditu, ematen duten laguntzagatik.