Astelehenetik aurrera errenta aitorpeneko proposamenak ikusi ahal izango dira, eta apirilaren 7tik uztailaren 2ra onartu ahal izango dira. Mekanizaturako apirilaren 14tik uztailaren 2ra zabalduko dute epea.
Horiek horrela, Uemak, bertako kide diren udalekin eta foru ogasunekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina egingo du aurten ere, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian. Esan du errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua gorantz doala urtez urte, baina oraindik ere errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dagoela. Horretan eragin nahi dute kanpaina honekin Uemak eta udalek, herritarrei administrazioarekin ere euskaraz aritzeko deia eginez.
Alde handiak lurralde batetik bestera
UEMAk, ohi bezala, udalekin eta hainbat erakunde publikorekin elkarlanean bideratzen du errenta euskaraz egiteko kanpaina, eta foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak moldatzen du bere beharren arabera. Mezu orokorra berbera da kasu guztietan, baina foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak bere errealitate soziolinguistikoaren arabera moldatzen du kanpaina eta mezua. Baita udal bakoitzak ere, dagozkion datuekin eta bilakaerarekin. Horiek azaltzeko, besteak beste, Errenta aitorpena euskaraz lelodun kartel orokorra eta azalpen kartela jarri ditu eskura Uemak, nork bere arabera moldatzeko aukerarekin.
Gipuzkoan, aurten ere, Ogasunarekin euskaraz leloa erabiliko du aldundiak, eta mankomunitateak ere halaxe gehituko du Gipuzkoako udaletara zabaldutako euskarri guztietan.
Egoera soziolinguistikoa, ordea, ez da herritarren joera erakusten duen aldagai bakarra. Batzuetan alde handia dago euskaldun indizearen eta errenta euskaraz egiten dutenen artean. Dena dela, udalerririk euskaldunenetan egiten dira aitorpen gehien euskaraz, zenbakiak eta ehunekoak oso aldakorrak diren arren lurralde batetik bestera. Gipuzkoan, esaterako, Orexa (%71), Zerain (%69), Amezketa (%61), Ataun (%60) eta Abaltzisketa (%60) dira iaz euskaraz errenta aitorpen gehien egin zituzten herriak, ehunekoetan.