Berrobiko zeharbidean segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko lanak, amaituta

Ataria 2026ko martxoaren 26a

Aitzol Izquierdo Berrobiko alkatea eta Felix Urkola diputatua, Berrobin.

Lanak trafikoa moteltzeko, oinezkoen mugikortasuna errazteko, eta errepidea herrigunean modu seguruagoan integratzeko egin dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundiak amaitu ditu Berrobiko zeharbidean (GI-2130) segurtasuna handitzeko eta irisgarritasuna hobetzeko urtarrilaren erdialdean hasitako lanak. Lanei esker trafikoa motelduko dute, oinezkoen mugikortasuna erraztu, eta errepidea herrigunean modu seguruago eta integratuagoan txertatuko dute.

Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatua izan da Berrobin eta esan du «lanak errepidea herritarren eta herriaren beharretara egokitzeko helburuarekin» egin dituztela, segurtasuna indartuz eta elkarbizitza ahalik eta gehien erraztuz. Esku-hartzea Foru Aldundiaren tokiko ekintzen planaren barruan kokatu dute, herriguneetatik igarotzen diren errepide eta zeharbideetan segurtasuna eta bizikidetza hobetzea helburu duten lanen barruan. Hala, Foru Aldundiak 210.000 euro bideratu ditu lan horietara.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!