Joan den igandean, Leire Elola Soronea-Ammma mendi lasterketa taldeko korrikalari tolosarrak Fortuna Kirol Elkarteak antolatutako 14. Donostia Hondarribia - Talaia Bidea lasterketa irabazi zuen. Donostian hasi eta Hondarribian amaitu zen 31 kilometroko lasterketa, eta tolosarra izan zen emakumezko korrikalari azkarrena. 2.51.31ko denbora egin zuen; Maddalen Jimenez beratarra helmugaratu zen bigarren postuan (2.52.49), eta Leire Urrategi oiartzuarra izan zen hirugarren (2.56.19).
Larunbatean, berriz, 33. Azkoitia-Azpeitia Nazioarteko Maratoi Erdia jokatu zen. Handbike modalitatean, eskualdeko hiru kirolarik osatu zuten podiuma. Bidania-Goiazko Jon Galarraga izan zen txapeldun (57.31), oso gertu izan zuen bigarren sailkatua, Iñaki Iraola billabonatarra (57.33), eta Mikel Goikoetxea amezketarra helmugaratu zen hirugarren postuan (57.38). 21 kilometroko lasterketaz gain, 8 kilometrokoa ere egin zen, eta emakumezkoetan Itziar Ibarbia alkizarra bigarren izan zen (33.02), irabazle izan zen Ane Bosch azkoitiarrarengandik ia minutura (32.07).
Egun berean, Jurramendi Tressesenta mendi lasterketa jokatu zen Aiegin (Nafarroa). Hiru proba izan ziren, 43 kilometrokoa, 25 kilometrokoa eta 12 kilometrokoa. Proba laburrenean, emakumezkoetan, Natalia Navascues tolosarra hirugarren izan zen (1.18.24). Lizarrako Bianka Espigak lortu zuen garaipena (1.17.43), eta Mureluko (Deierri, Nafarroa) Maria Salanueva sailkatu zen bigarren postuan (1.17.52).
Unai Arroyo garaile
Martxoaren 15ean, XXII. Donostiarrak-EHU Udaberriko Lasterketa izan zen Donostian. 10 kilometroko proban, Unai Arroyo tolosarra izan zen azkarrena; 30.09ko denbora egin zuen. Ibilbide berria askoz azkarragoa izan zen, eta aurreko edizioetan baino denbora hobeak egin zituzten korrikalariek. Joseba Diaz azkoitiarra (30:14) eta Gonzalo Fuentes andoaindarra (30:32) sailkatu ziren Arroyoren atzetik.
Bezperan, martxoaren 14an, Bealak Trail lasterketa jokatu zen Beasainen. 13 kilometroko proban, emakumezkoetan, Bidania-Goiazko Naiara Elola hirugarren izan zen, 1.29.51ko denbora eginda. Irune Lertxundi oriotarrak lortu zuen garaipena (1.22.15), eta Leire Lopez donostiarra sailkatu zen bigarren postuan (1.29.23) Elolaren aurretik.

