Greba orokor eguna da gaur Hego Euskal Herrian, eta eskualdean ere izan da deialdiaren eraginik. Goizean goizetik grebalariek piketeak egin dituzte hainbat lantegitan zein herrietako erdiguneetan, eta manifestazioak, berriz, Donostian izan dira. Eskualdean arratsaldean egingo du mobilizazioa Tolosaldeko Greba Batzordeak (ELA eta LAB), 18:00etan, Triangulo plazatik abiatuta Gutxieneko soldata hemen erabaki lelopean.
Greba batzorde horretako Maria Imaz ordezkariak adierazi du Apatta industriagunean izan direla lehen orduan: «Pikete informatiboak egin ditugu. Enpresa gehienak itxita zeuden, lanuztearen jarraipena oso ona izan da zentzu horretan». Bide beretik kontatu du irekita topatu dutela «enpresa txikiren bat»: «Beste presio mota batzuk jasaten dituzte, eta gehiago kostatzen zaie greba egitea. Dena dela, industriaguneetan ikusi dugu jarraipena ona izan dela».
Herrien inguruan, berriz, aitortu du «gustatuko litzaiekeena baino txikiagoa» izan dela jarraipena: «Enpresari txikiak, autonomoak eta dendariak daude; eta horiei gehiago kostatzen zaie grebaren jarraipena egitea. Dena dela, orokorrean denda txiki asko ere itxi direla ikusi dugu, eta pozgarria da hori». Irurako zein Tolosako Usabal industriaguneetan ere «gehienak itxita» topatu dituztela kontatu du Imazek, eta Tolosako Carrefour supermerkatuan ere egin dutela piketea, eta ixtea lortu dutela: «Pare bat langile bakarrik joan dira bertara lanera eta ezin izan dute kamioia deskargatu».
Gaurko greba orokorra ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek deitu dute 1.500 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata aldarrikatzeko. Hain zuzen, soldata hori Hego Euskal Herriko erakundeetan erabakitzea exijitu dute, grebaren bidez.
Sindikatuez harago
Sindikatuez gain, Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak ere bat egin du greba deialdiarekin, eta piketeak egin dituzte goizaldean. Azaldu dutenez, Irurako zein Aiztondoko industriaguneetan ere izan dira, eta Tolosako kaleetan zehar aritu dira grebarako deialdia zabaltzen: «Enpresariek haien irabaziak mantentzeko langileen bizi- eta lan-baldintzak okertzen dituzte. Ekoizten dugun aberastasun guztia langile klasearen esku jarri beharko litzateke, horrela soilik berma litezkeelako pertsona guztientzako kalitatezko bizi-baldintzak».
Nabarmendu dute greba orokorra baliatu nahi izan dutela «borrokan sakontzeko» eta «langile klasearen antolakuntza hedatzeko», eta estatuen autoritarismoaren zein ofentsiba inperialistaren aurkako mezuak ere zabaldu dituzte. Piketeen ostean, Donostian egin dute bat Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak antolatutako manifestazioarekin.