Beasti eta Boskatu taldeak, eskualdeko finalean

Ataria 2026ko martxoaren 16a

Joan den ostiralean Alegiako saioan parte hartu zuten taldeetako kideak. Argazkia: Harituz Bertsozale Taldea.

Martxoaren 27an izango da Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketaren lehen faseko Tolosaldeko finala, Tolosako Alondegia tabernan. 22:00etan hasiko da saioa, eta berastegiarrak eta alegiarrak arituko dira bertsotan.

Joan den ostiralean jokatu zen Alegiako Gaztetxean Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketaren lehen faseko Tolosaldeko bigarren finalerdia. Boskatu eta Aiztondo taldeak aritu ziren kantuan, maila bikainean, eta saio polita osatu zuten. Azkenean, alegiarrak gailendu ziren, eta martxoaren 27ko eskualdeko finalerako txartela eskuratu zuten.

Berastegiko Beasti taldea izango da aurkaria. Martxoaren 6an Tolosako Hiru tabernan Tolosaren aurka jokatutako finalerdia irabazita sailkatu ziren finalera berastegiarrak. Ikusmina piztu du herriarteko txapelketak, eta herritarren erantzuna bikaina izan da finalerdietako bi saioetan.

Esan bezala, martxoaren 27an izango da finala, Tolosako Alondegia tabernan. 22:00etan hasiko da, eta saioaren amaieran jakingo da zein izango den aurtengo herriarteko txapelketako Tolosaldeko talde ordezkaria hurrengo fasean. Finaleko talde irabazleak apirilean izango du hurrengo saioa, Goierriko talde ordezkariaren aurka: Zumarraga-Urretxu 1.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!