1.500 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata aldarrikatzeko, eta soldata hori Hego Euskal Herriko erakundeetan erabakitzea eskatzeko greba orokorra izango da biharkoa. Sindikatuek diote oraindik ez direla bozketak egin enpresa guztietan, gaur egunean zehar ere egingo dituztela, baina jada bozketa egin dutenen arabera grebak eragina izango du Aralar paper fabrikan, Ahlstrom Munksjon, Kelsenen, Pasabanen, Corex enpresan, Mayensan edo Virlab lantokian, besteak beste. Era berean, hainbat udaletxetan ere grebarekin bat egitea erabaki dute, eta udal zerbitzuak bertan behera geratuko dira. Esaterako, Tolosa, Villabona, Anoeta, Ibarra, Zizurkil eta Asteasuko udaletxeetan bat egin dute greba orokorrarekin, eta bihar itxita egongo dira.
Tolosako kasuan ez dute zerbitzurik emango Udaten, kultur etxean, Euskaltegian, Andragora Emakumeen Etxean, Aranburu Jauregian eta Haur Liburutegian. Udalak kontratatutako gainerako zerbitzuen kasuan, enpresa bakoitzaren langile batzordeak erabakitakoaren araberakoa izango da zerbitzua. Kirol-instalazioen kasuan Usabal kiroldegia eta Berazubi estadioa itxita izango dira. Eusko Jaurlaritzak zehaztutako gutxieneko zerbitzuak izango dira Udaltzaingoan, gizarte zerbitzuetatik bideratutako beste zerbitzuetan —ez da arreta izango udaletxeko bulegoetan— eta Samaniego ikastetxeko eta Gorosabel eraikineko harreran. Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kasuan, gutxieneko zerbitzua izango da, II. eta III. mendekotasun-gradua duten pertsonentzat. Garraioari dagokionez, ohiko zerbitzuen % 30 emango dute eta ondorioz, Hiribusak honako orduetan emango du gutxienezko zerbitzua: 07:20, 08:22, 12:28, 13:06, 20:04 eta 20:37ean.
Sindikatuek gogoratu dute goizean Donostian egingo dutela manifestazioa, 12:30ean hasita Pio XIItik abiatuta, eta arratsaldean Tolosan egingo dutela 18:00etan Trianguloa plazatik aterata.