Espainiako Kopa irabazi du Unai Mesa pultsulariak

Ataria 2026ko martxoaren 14a

Espainiako Kopa izan zen jokoan pasa den igandean Sevillan (Espainia) 15 urtez azpiko, 17 urtez azpiko, junior eta absolutu mailan.

Bertan parte hartu zuten Denok Danena taldeko Eneko Mesa pultsulariak 15 urtez azpikoetan eta Eki Lizaso pultsulariak absolutuetan. Ekaitz Kortajarena aritu zen entrenatzaile lanetan Mesarekin, eta bukatu orduko etxera bueltako bidaia zutenez, oraingoan Lizasorekin Blumeko entrenatzailea egon zen.

Mesak 90 kilo altxa zituen abiada modalitatean, 121 kilo bi denbora modalitatean eta egindako total olinpikoa 211 kilo izan zen. Guztira 288,89 puntu lortu zituen eta 15 urtez azpiko irabazlea izan zen Espainiako kopan. Duela hilabete bete zituen 15 urte, eta pultsulari gazteak daraman progresioarekin Europako Txapelketara joateko zorian dago. «Orain arte bezala lanean gogor jarraitzea tokatzen zaio hemendik aurrera, eta ea gutxieneko marka hori lortzen duen», azaldu du klubak. Apirilaren hasieran ziurrenik Leonen izango da lau egunez Espainiako selekzioarekin egonaldia egiten, eta bertan burutuko ditu entrenamendu saioak goiz eta arratsaldez.

Bere aldetik, Lizasok 145 kilo altxatu zituen abiadan, 185 kilo bi denboran eta bere total olinpikoa 330 kilokoa izan zen. Guztira lortutako puntuak 385,42 izan ziren eta absolutu mailan 3. postua lortu zuen. Lizaso Madrilgo errendimendu altuko Blume zentroan dago; 2025 urtea ez zen bere onena izan, lesio luze bat tarteko geldirik egotea tokatu zitzaion denbora luzez eta bere mailan lehiatu ezinik egon zen. «Badirudi lesioa baretzen hasia dela, 2026 indartsu hasi du eta animoak bidaltzen dizkiogu taldetik», azaldu du klubak. «Honi ere hemendik aurrera borrokan jarraitzea tokatzen zaio nazioarteko txapelketaren batera joan ahal izateko».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!