Eskualdeko pilotari batek irabaziko du Binakako Serie B Txapelketa: Jon Ander Peñak ala Arkaitz Gabirondok. Gaur zortzi jakingo da nork jantziko duen txapela, Baikoko pilotari tolosarrak ala Aspeko gazteluarrak. Atzo gauean, Loiuko pilotalekuan jokatu zituzten finalerdietako ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldiko bi partida erabakigarriak.
Lehenik, Peñak, Salaverri II.a ordezkatu zuen Unax Landa debutatu berriarekin osatu zuen bikotea, eta 22-10 irabazi zieten Dario eta Loza Aspeko errioxarrei. Lehen fasean, bikote onena izan zen Dario-Loza, hamalau jardunalditan hamabi partida irabazi eta bi bakarrik galduta. Finalerdietako ligaxkan ere, lehen bi partidak irabazi zituzten errioxarrek, eta atzo nahikoa zuten 12 tanto egitea finalera sailkatzeko.
Lehen zatian partida parekatua izan zen, baina seina berdindu ondoren, lehen atsedenaldi luzera alde handiarekin iritsi ziren Baikoko pilotariak: 12-6. Hurrengo tantoa Aspekoentzat izan zen, eta hor aukera izan zuten sakearekin min egiteko, eta 12 tantoko helburu horretara gerturatzeko, baina Peñak eta Landak 9 tanto egin zituzten jarraian, erabateko nagusitasuna berretsita: 21-7. Errioxarrek bost tantora zuten finalerako txartela baina hiru gehiago bakarrik egin zituzten. Azkenean, 22-10 Peña eta Landaren alde, eta finalerako sailkapena tolosarrarentzat eta Salaverri II.arentzat.
Emaitza horrekin, ordea, errioxarrek aukerak zituzten oraindik finalera sailkatzeko. Horretarako, Salaberria-Gaskue bikoteak Murua-Gabirondo bikoteari irabaztea behar zuten, edo bigarrenek hiru tanto edo gutxiagoko aldearekin irabaztea. Hala ere, aukera horietatik oso urruti izan zen bigarren partidako markagailua uneoro: 4-0, 4-1, 7-1, 7-2 eta 22-2. Partida horretan ere tanto ilara luzea egin zuten garaileek, eta alde handiarekin lortu zuten irabaztea. Ondorioz, Muruak eta Gabirondok ere finala jokatuko dute.
Bi bikote hauek hiru aldiz jokatu dute elkarren aurka aurtengo txapelketan, hiruretan Bizkaian. Lehen fasean, laugarren jardunaldiko partidan –Mallabian jokatu zen–, tanto bakarreko aldearekin irabazi zuten Muruak eta Gabirondok: 22-21. Bigarren itzuliko partida Bilbon izan zen, eta orduan ere Aspekoak nagusitu ziren: 22-14; partida hartan Agirrek jokatu zuen Peñaren ordez. Azkenik, finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldian jokatu zuten elkarren aurka berriro, Orozkon: 22-11 irabazi zuten Muruak eta Gabirondok. Beraz, Aspeko bikotea hiru alditan nagusitu zaio Baikokoari.
Arestian esan bezala, martxoaren 20an izango da finala, Bergarako pilotalekuan. Pilota aukeraketa, berriz, hilaren 18an (asteazkena) izango da, 11:00etan.