ATARIAko langileok bat egingo dugu greba deialdiarekin, herritar guztion bizitzak duintzearen alde. Horrela, martxoaren 17an ez dugu ATARIA egunkaririk argitaratuko, eta webgunean greba orokorraren jarraipena besterik ez dugu egingo, horretarako erredakzioak martxoaren 16an egingo du greba, eta administrazio arloko lankideek, aldiz, hilaren 17an bertan; ondorioz, greba egunean ezingo diete zerbitzurik eman Atarikideei, iragarleei edo bestelakoei.
Gutxieneko soldata 1.184 eurokoa da gaur egun Espainian eta Hego Euskal Herrian. Madrilek % 3,1eko igoera proposatu du 2026rako. Igoera hori azkenean Parlamentura iristen bada, eta hark babesa ematen badio, 1.221 eurokoa izango da soldata. Grebara deitu duten sindikatuen arabera, berriz, 1.500 eurokoa izan beharko luke, eta «hemen» erabaki beharko litzateke. Haiek kalkulatu dutenez, Hego Euskal Herrian 300.000 langilek baino gehiagok jasotzen dute 1.500 euro baino gutxiago hilean, eta erdiek baino gehiagok jardunaldi osoan lan egiten dute. Horrekin batera, gogoratu dute gutxieneko soldata igoz gero soldatak orokorrean igo egingo direla, eta eragin zabalagoa izango duela lan merkatuan.