Gipuzkoako finalak jokatu dira Irurako Ametsa trinketean

Ataria 2026ko martxoaren 11

Eskuz banakako, paleta argentinarreko eta xareko finalak jokatu dituzte asteburuan Trinketeko Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketa-Izarkom Sarian. Horietatik eskuz banakako eta xareko finaletan izan dira eskualdeko ordezkariak, eta partidak Irurako Ametsa trinketean jokatu dituzte.

Eskuz banaka nagusien 2. mailan Behar Zana elkarteko Iñaki Elolak 32-40 irabazi zion Abantzu elkarteko Oier Alonsori. Jubeniletan bi finalistak Behar Zana elkartekoak izan dira, eta Unai Zufiriak 20-35 irabazi dio Peru Cestauri. Kadete mailan ere Behar Zana elkarteko pilotariak izan dira lehen bi postuetan: Xuhar Iparragirrek 30-12 irabazi dio Aier Iraolari.

Xarean nagusien mailan Ametsa elkarteko bi bikote lehiatu dira txapelaren bila. Unai Gibelalde eta Oier Iturbe izan dira irabazleak, finalean 28-40 gainditu baitituzte Matxalen Mendizabal eta Markel Mujika.

Bestalde, Udaberri Sariko zesta-puntako finalak jokatu dira, eta jubenil mailan eskualdeko ordezkaritza izan da. Beotibar elkarteko Amets Igerategi eta Artetz Larrañaga bikoak 0-2 galdu du Gazteleku elkarteko Xabat Olano eta Danel Polo bikoaren aurka.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!