Binakako finalerako sailkatuta daude Altuna III.a eta bere atzelari Ezkurdia, eta larunbatean Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatuko den partidak ez du eraginik txapelketarako. Izan ere, aurkariek, Baiko Pilota enpresako Jaka lizartzarrak eta Iztueta tolosarrak, ez dute aukerarik finalera sailkatzeko. Altuna III.a atzo izan zen material aukeraketan, baina gaur Aspe enpresak jakinarazi du amezketarra ez dela izango Beotibarren, eskuko mina duelako. Dariok ordezkatuko du amezketarra. Bere aldetik, Jakak bere nahia azaldu du beraien maila onena emateko: «Frontoi polita da, jende asko egongo da frontoian, eta ea garaipen bat eskaintzeko aukera dugun».
Jaialdia 17:00etan hasiko da, eta lehen partidan Artola-Imaz eta P. Etxeberria-Martija bikoak ariko dira elkarren aurka. Ondoren Binakako Pilota Txapelketaren partida jokatuko da, Jaka-Iztueta eta Dario-Ezkurdia artean. Hirugarren partidan Alberdi II-Erostarbe eta Senar-Ugartemendia bikoteen arteko neurketa izango da.