Tolosa eta Albiztur arteko eta Goiatz pareko errepideetan hobekuntza lanak

Ataria 2026ko martxoaren 11

Segurtasuna hobetzeko obrak izango dira, eta bost hilabete iraungo dute.

Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak GI-2634 (Tolosa eta Albiztur artean) eta GI-3740 (Goiatz parean) errepideen hainbat tarte zabaldu eta hobetzeko obren lizitazioa  onartu du. Aurreikusitako lanek segurtasuna hobetuko dute gaur egun estuak diren edo gurutzatzeko zailtasunak dauden hainbat puntutan, bereziki ibilgailu astunek bihurguneetan bat egiten duten puntuetan. Horrela, GI-2634 errepidean 900 metro inguru zabaldu eta hiru bihurgune hobetuko dituzte, eta GI-3740 errepidean, Goiatz parean, biraketa bat egokituko dute. Inbertsioa 1,09 milioi eurokoa da, eta aurreikusitako epea bost hilabetekoa.

Tolosa eta Albiztur arteko errepidean ibilgailuak aurrez aurre gurutzatzeko zailtasunak dauden eremu batean jardungo da, plataforma zabalduz eta ibilbidean zehar dauden hiru bihurgune ere hobetuko dira. 

Bestalde, GI-3740 errepidean, Goiatz herrigunetik 200 bat metrora, bihurgune itxi batean esku hartuko da, galtzada biraketaren barrualderantz zabalduz eta eremua egokituz.

Lan horiekin, Aldundiak etengabeko hobekuntzak egiten jarraitzen du lurraldeko tokiko errepide sarean, Gipuzkoako eskualdeen eguneroko mugikortasunerako funtsezkoak diren errepideen segurtasuna eta funtzionaltasuna indartzera bideratutako tokiko jarduketekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!