Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri beraien taldean bigarren bezala pasa ziren finalera. Unai Saralegi eta Unai Regillaga ere postu berean pasa ziren. «Goizeko saioa lasai hartuta sailkatzeko arazo handirik ez genuen aurreikusten», esan dute judokek.
Finalean Saralegi eta Regillaga bosgarren atera ziren kata egitera. «Sentsazio guztiz onak ez izan arren ez ginen gustura geratu eman ziguten puntuazioarekin», diote. Regillaga eta Etxarri zortzigarren atera ziren eta kata polita egin bazuten ere epaileek ez zuten horrela ikusi. Azkenean bi bikoteak puntuetara berdinduta geratu ziren, 377,5 punturekin, eta Regillaga eta Etxarriri bosgarren postua eta Saralegiri eta Regillagari seigarrena eman zieten.
Hurrengo helburua datorren astean dute, Portugalen jokatuko den Iberiar Trofeoan. Hori izango dute azken proba maiatzean Sarajevon jokatuko den Europako Txapelketa bitarte.