Ehun ekintza baino gehiago klima aldaketari aurre egiteko

Ataria 2026ko martxoaren 10a

Klima aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko Tolosaldeko plana aurkeztu dute Lehiberrin. Eskualdeko hainbat eragilek hartu dute parte planaren osaeran.

Tolosaldeko klima aldaketari eta energia trantsizioari buruzko plana aurkeztu dute Lehiberri zentroan. Eskualdearen egoeraren inguruko diagnostikoa eskuetan hartuta, lanketa kolektiboa egin dute hainbat eragilek plana adosteko. Guztira, 104 ekintza zehaztu dituzte planean: klima aldaketa arintzera zuzendutakoak horietako asko, eta egoera horretara egokitzera bideratutakoak beste asko.

Klima aldaketa arintzeko, energia kontsumoak murriztuz, berotegi efektuko gas gutxiago isuri nahi da. Tolosaldean 2019tik 2022ra % 23 jaitsi da gas hauen isurketa –419.000 tona CO2 baliokidetik 322.000 CO2 baliokidera–. Oraindik ere, garraioa eta industria dira isurketa gehien eragiten duten sektoreak –sektore horietako bakoitzak Tolosaldean 125.000 tona CO2 baliokide isuri zituen 2022an–.

Diagnostikoaren arabera, energia berriztagarrien sorrera eta kontsumoari esker berotegi efektuko gasen isuri batzuk saihestu dira eskualdean. Dena den, urtean sektore guztiek isurtzen dutenaren % 1 pasatxo da saihestu dena, eta mini-hidraulikatik eratorritako energia elektrikoaren erabileragatik izan da nagusiki –nahiz eta 2019-2022 aldian 
% 30 jaitsi den energia berriztagarri honen erabilera–; gainerako energia berriztagarriak, hala nola biomasa, geotermia, eguzkia energia eta eolikoaren presentzia txikia da oso.

Tolosaldeko klima eta energia diagnostikoan joera historikoei ere begiratu diete eta klima proiekzioak egin dituzte, klima aldaketara egokitzeko beharrezko gidalerroak zehazteko, bai lurraldearen erresilientzia handitzeko, eta bai sortu litezkeen arriskuak kudeatzeko ere.

1971-2010 aldi historikoa oinarri hartuta, eta Tolosaldean klima aldaketari aurre egiteko neurririk hartuko ez balitz, proiekzioen arabera, tenperatura batez beste 3,3 graduan igoko dela aurreikusi dute mende amaierarako. Aldi berean, bero boladak, haien maiztasuna eta gau tropikalak ere areagotuko egingo direla uste dute. Hain zuzen, gau tropikalen hazkundea izango da adierazgarriena, izotz egunak ia hutseraino murriztearekin batera.

Antzeko joera ikusten da prezipitazioekin ere. Epe motzera prezipitazio biziko egunak areagotzea espero den arren, mende amaierarako murriztu egingo dira –2,6 egun gutxiago batez beste–, eta, lehorte egunak areagotu –12,9 egun lehor gehiago–.

Aztertu dute, halaber, zein izan daitekeen bero-boladen inpaktua giza osasunean eta eskualdeko arrisku indizea erkidegokoaren antzekoa dela ondorioztatu dute. Aipatutako lehorteen areagotzeak jarduera ekonomikoan –abeltzaintzan eta nekazaritzan– izan dezakeen eraginari begiratuta, Tolosaldean arriskua leuna dela uste dute, eta inpaktu kate honekiko sentikortasuna altua izanik ere, handia da, aldi berean, honi egokitzeko gaitasuna.

Parte hartze prozesua

Tolosaldea Garatzenek gidatuta, 2024 eta 2025 urteen artean parte hartze prozesua egin dute hainbat eragilek Tolosaldeko klima aldaketari eta energia trantsizioari buruzko plana ontzeko. Galdetegiak zuzendu zaizkie udalei, eskualdeko energia komunitateekin hitz egin dute eta hainbat eragilerekin izan dute hartu emana, hala nola eragile ekonomiko eta formakuntza arlokoekin. Tolosaldeko Energia Mahaiak ere hartu du parte prozesuan.

Guztira, 104 ekintza zehaztu dituzte planean, gehienak klima aldaketa arintzeari eta hari egokitzeari dagozkionak, eta baita zeharkakoak ere –gobernantzarekin, komunikazioarekin, sentsibilizazioarekin edo parte hartzearekin lotutakoak–.

Klima aldaketa arintzeko, besteak beste, energia aurrezpenarekin, eraginkortasunarekin eta energia berriztagarriekin zerikusia duten 28 ekintza zehaztu dituzte planean. Multzo honetan sartu dituzte, aldi berean, mugikortasunarekin, hondakinen kudeaketarekin, ekonomia zirkularrarekin eta elikadura burujabetzarekin lotutakoak ere.

Klima aldaketara egokitzera zuzendutako ekintzak, bestalde, hogei dira guztira, eta muturreko tenperaturarekin, bero boladekin eta lehorteekin daude lotuta gehienak; biodibertsitatea handitu eta ibai-uholdeak ekiditeko ekintzak ere zehaztu dituzte.

Planaren talde sustatzaileak ekintza hauen artean lehentasunezkoak zeintzuk diren zehaztu du eta proposatu du nork hartu ekintza bakoitzaren ardura. Nahiz eta zenbaitetan eragile ezberdinek partekatuko duten, nagusiki eskualdeko udalek eta Tolosaldea Garatzenek eramango dituzte ekintzak aurrera, eta Tolomendi eta Tolosaldeko Mankomunitateak ere hartuko dituzte hainbat ardura euren gain.

Ekintza plana ezagutzera ematearekin batera, ostegunean Lehiberri zentroan, Unai Pascual BC3 Basque Centre for Climate Changeko eta Ikerbasqueko ikertzaileak Klima larrialdiaren aurrean ekin: nor(k), nola, noiz? hitzaldia eman zuen. Bertan, besteak beste, klima aldaketaren aurrean administrazio ezberdinek eta norbanakoak dituen erantzukizun partekatuen gainean aritu zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!