Esperimentu bezala aurkeztu zen aurtengo Binakako Pilota Txapelketa: Ezkurdiak atzelari bezala jokatzea eta aurrelaria Altuna III.a izatea. Gorabeherak izan ditu bikoteak txapelketan zehar, baina azkenean lortu dute finalera iristea. Gainera, finalerdietako lehen bi jardunaldietan lortu dute, biak irabazi ondoren. Atzo Lasoren eta Albisuren aurkako partida irabazi zuten 22-15. Oso partida gogorra eta tentsio handikoa izan zen. Hutsak nagusitu ziren, eta huts gutxienak egin zituenak lortu zuen garaipena. Altuna III.ak eta Ezkurdiak 7 tanto egin eta 7 galdu zituzten, eta aurkariek 8 tanto egin eta 15 galdu. Ezkurdiak sekulako partida jokatu zuen, eta Altuna III.ak ez zuen bere eguna izan: deseroso aritu zen, eta bi tanto bakarrik egin zituen; defentsan egin zuen lan handiena. Albisuk eskuin eskua ez zuen guztiz ondo, eta nabaritu zen. Lasok tarteka tanto ikusgarriak egin zituen, baina huts gehiegi egin zituen, Ezkurdiak jarri zuen erritmoari ezin jarraituta.
Jakak eta Iztuetak ezin izan zuten larunbatean bere partida irabazi Elordiren eta Zabaletaren aurka. 11-22 galdu zuten, eta aurkariak nagusi izan ziren, bereziki Elordi, partida oso ona jokatu baitzuen. Igandeko emaitzaren ondoren, Jaka eta Iztueta aukerarik gabe geratu dira finalera sailkatzeko. Finalerako Altuna III.aren eta Ezkurdiaren aurkariak Laso-Albisu eta Elordi-Zabaleta arteko partidan erabakiko da igandean Adarragan. Irabazlea joango da finalera, eta bestea kanpo geratuko da. Ezer jokoan ez da izango, berriz, Altuna III-Ezkurdia eta Jaka-Iztueta bikoteen arteko partidan; Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatuko da larunbatean.
Dena erabakitzeko Serie B Txapelketan
Bigarren mailako txapelketan ere finalerdietako bigarren jardunaldia jokatu da. Muruak eta Gabirondo gazteluarrak galdu egin zuten 22-12 Darioren eta Lozaren aurka. Beste finalerdian Peña II.a tolosarrak eta Landak 22-14 irabazi zieten Salaberriari eta Gaskueri.
Ostiralean jokatuko dira finalerdien hirugarren jardunaldiko bi partidak Loiun. Muruak eta Gabirondok Salaberriaren eta Gaskueren aurka jokatuko dute, eta Peña II.ak eta Salaverri II.ak Dario eta Lozaren aurka. Dario-Loza bikoak irabazten badu finalera doa, eta galtzen badu ere aukerak ditu pasatzeko, bi garaipen baititu. Murua-Gabirondo bikoak zein Peña II-Salaverri II bikoak aukera handiak dituzte beraien partidak irabazita, puntu bat dutelako, baina beste partidetako emaitzen baitan egongo dira. Salaberria-Gaskue bikoak ditu zailtasun handienak, punturik ez baitute, eta beraien partida irabazi arren, asko baldintzatuko dio beste neurketan gertatzen dena. Finalerdietako sailkapenean berdinketa balego, berdindu duten bikoteen arteko partiden emaitzak balioko dute, eta berdinketak jarraitzen badu, tantoen aldeak erabakiko du.