Tolosaldeko Greba Batzordeak deialdia egin du martxoaren 17ko greba orokorrarekin bat egiteko. Grebarekin «mezu argi bat» bidali nahi die patronalari eta gobernuei, eta hiru puntuko eskaria egin du. Batetik, 1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzea: Confebask eta CEN presionatu nahi dituzte negoziatzera eseri daitezen. Bestetik, gutxieneko soldata hemen erabakitzea, eta horretarako Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetan zein Madrilen «beharrezko ekimen politikoak» gauza daitezela eskatu du, «gure soldata gure errealitatera egokitzeko». Hirugarrenik, aberastasunaren banaketa «justuagoa» eskatu du: «Soldatak hobetu behar dira, denon artean sortzen dugun aberastasuna gutxi batzuen eskuetan pilatu ez dadin».
Batzordeko kide dira ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuak, eta azaldu dute ez dutela onartzen patronalak negoziazio mahaietan esertzeari uko egitea. «Urteak daramatzagu ahaleginak egiten, baina patronalaren eta gobernuen arteko aliantza agerikoa da. Nafarroako parlamentuak zein EAEko EAJk eta PSEk bizkarra eman die milaka herritarrek babestutako Herri Ekimen Legegileei. Erantzun hau guztiz antidemokratikoa da».
Tolosaldean argi ikusten dute erosahalmena galtzen ari dela etengabe: «Krisi garaia izan zein hazkunde garaia izan, patronalaren irabaziak handitu egiten dira langileon pobretzearen kontura». Gaur egun soldata bat izateak ez duela bizitza duin bat bermatzen salatu dute, «bizitza garestitzen ari delako, baina soldatak ez direlako neurri berean igotzen». Egoera horri buelta emateko, eskualdeko egoera hobetuko duen gutxieneko soldata duin bat bermatzea ezinbestekoa dela diote, «hori baita langileon bizitza eta herrietako ekonomia suspertzeko bide bakarra».
Egoera horrek desberdintasun sozialak areagotu besterik ez dituela egin esan dute. «Aberastasuna ez dago modu bidezkoan banatuta; gutxi batzuen eskuetan pilatzen ari da, gehienon prekarietatearen truke. Eta injustizia honek baditu aurpegi zehatzak: bereziki emakumeak, gazteak eta langile migranteak dira prekarietate honek gogorren kolpatzen dituenak». Euskal Herriko errealitatera egokitutako gutxieneko soldata behar dela gaineratu dute, «Madrildik ezartzen denak pobretu egiten gaituelako».
Hori horrela, martxoaren 17an Tolosaldeko langile, denda eta zerbitzu guztiak gelditzeko deia egin dute. 05:30ean piketeak martxan jarriko dira. Donostian manifestazioa egingo da 12:30ean hasita Pio XIItik, eta Tolosaldetik joandakoak elkarrekin izango dira. Bestalde, 18:00etan eskualdeko manifestazioa abiatuko da Tolosako Trianguloa plazatik.