Ibiur urtegira bisita

Ataria 2026ko martxoaren 6a

Uraren Mundu Egunaren harira, Ibiur urtegia eta ura edangarri egiteko tratamendu planta ezagutzeko bisita gidatua antolatu dute.

Martxoaren 22an Uraren Mundu Eguna ospatzen da, eta egun horren harira, Tolosako Udalak hainbat jarduera antolatu ditu. Horien artean, martxoaren 15ean, igandea, Ibiur urtegira eta edateko uren araztegira bisita antolatu du.

Azaldu dutenez, «aukera paregabea da gure etxeetara iristen den ura nondik datorren eta edangarria izateko nola prestatzen den ikasteko».  Bertan, Ibiur urtegia bera eta ura edangarria egiteko tratamendu plantaren instalazioak ezagutzeko aukera egongo da. Instalazio hauek Tolosako herriaz gain Tolosaldeko beste herriak ere urez hornitzen dituzte.

Bisita honetan, presatik zenbat ur ateratzen den une bakoitzean, emari ekologikoa zer den eta zertarako balio duen eta urtegiak nola funtzionatzen duen azalduko da. Ondoren, araztegian ura edangarria izateko ematen diren pausoak eta tratamenduak zeintzuk diren ikusiko da. Eskualdeko uren kudeaketa ezagutzeaz gain, herritarrak uraren kontsumo arduratsuarekin sentsibilizatzea eta uraren erabilerak eta ustiapenak ingurumenean ondorioak dituela ulertaraztea dira bisita honen helburuak.

Bisita doakoa da eta uraren zikloaren instalazio ezezagunak eta interesgarriak barrutik ezagutzeko aukera aparta da. Parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da. 
Bisita martxoaren 15ean izango da. Autobusa 10:00etan aterako da Santa Klaratik eta itzulera 13:15 inguruan izango da. Adin guztientzat egokia da bisita. Izena emateko, tolosakoingurumenzentroa@gmail.com helbidera idatzi beharko da, pertsona kopurua eta hizkuntza zehaztuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!