BABESTUTAKO EDUKIA

Matematikan eta irakurketan aukera berdintasuna indartuz

Ataria 2026ko martxoaren 6a

Konpetentzia horietan inor atzean geratu ez dadin, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak programa bat martxan du, eskola orduetatik kanpo irakaskuntza indartzeko. 

Garapen pertsonal, sozial eta profesionalerako funtsezko oinarriak dira irakurketa eta matematika, eta, horregatik, arlo horiek indartzea beharrezkoa da kalitatezko hezkuntza bat bermatzen jarraitu ahal izateko. Modu berean, ezaguna da zenbait ikaslek zailtasun bereziak dituztela arlo horietan. 

Are, aldaketa sozial eta demografikoek hezkuntza sistema etengabea hobetzera bultzatzen gaituzten honetan, beren jatorria eta egoera sozioekonomikoa edozein dela ere, ikasle guztiei bermatu behar zaie ikasteko, hazteko eta bizitzan aurrera egiteko duten oinarrizko eskubidea. Errendimendu akademikotik askoz harago doan kontua da hau: ikasleen konfiantza, autoestimua, motibazioa eta ahalduntzea gako dira. 

Horretaz jakitun, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatutako Indartuz programak Lehen Hezkuntzako ikasleei irakurketa eta matematika gaitasunak indartzeko eskolaz kanpoko laguntza eskaintzen die. Hala, pertsonalizatutako ikaskuntzaren bidez, ikasleen arteko errendimendu desberdintasunak murriztu nahi ditu Jaurlaritzak. 

Irakurketaren alorrean, fonetika, irakurketa arintasuna eta testu ulermena garatzeko estrategiak lantzen dira ikasleekin. Matematikari dagokionez, arrazoinamendu logiko-matematikoa eta oinarrizko eragiketak sendotzeko tresnak ematen zaizkie. Matematikari eta irakurketari gutxienez ordubete bana eskaintzen zaie. 

Orotara, 2026rako aurkeztutako aurrekontuen arabera, Hezkuntza Sailak 14 miloi euro bideratuko ditu Indartuz, Bidelaguna eta Eraldatzen proiektuetara. Dagoeneko 24.000 ikaslek baino gehiagok jasotzen dituzte errefortzu programa berriak. Hezkuntzan Emaitzak Hobetzeko 2024-2028 Estrategia Integralaren parte dira programa hauek. 

Bidelaguna programaren bitartez, desabantaila sozialen ondorioz zailtasunak edo eskola atzeratasuna duten ikasleei laguntza ematen zaie. Bereziki toki edo estimulu egokiak ez dituzten ikasleak ditu lehentasun programak. 

LHko 5. eta 6. mailako eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleentzako proposamen honek gakoak eman nahi dizkie ikasleei, horren bitartez ikasteko ohiturak sustatzeko, bai eta ikasleek beren gaitasunen inguruan duten espektatibak hobetzeko ere. Beste behin, pertsona erdigunean izan behar dute politika publikoek. Hau guztia, noski, soilik posible izango da familiaren eta ikastetxearen arteko harremana indartuz, eta hori lehen unetik lantzen den kontua da ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!