Uda baino lehen, Osasun Sailak eta Osakidetzak giza papilomaren birusa (GPB) detektatzeko laginak norberak hartzeko proiektu pilotua abiaraziko dute zerbixeko minbiziaren populazio-baheketaren programaren barruan. Ekimena Tolosaldean eta Donostialdean abiaraziko dute, eta aurretik baheketa-programan parte hartu ez duten 1.500 emakume ingururi gutun bat bidaliko diete. Osakidetzaren arabera, ekimenaren helburuak dira programaren irisgarritasuna erraztea eta parte-hartzea handitzea.
Zerbixeko minbizia detektatzeko laginak norberak hartzeko proiektu pilotuak 3 hilabeteko iraupena izango du, aurreikuspenen arabera. Lehen fase hori amaituta, Gipuzkoako gainerako lurraldeetara eta Arabara eta Bizkaira, hedatuko dute pixkana.
Gutun pertsonalizatua eta laginak norberak hartzeko kita
Laginak norberak hartzeko proiektu pilotua honako hauei dago zuzenduta: Tolosaldean eta Donostialdean bizi diren eta baheketara gonbidatuak izan arren, proba egitera bertaratu ez diren 30 urtetik gorako emakumeak. Horretarako, gonbidapen-gutun pertsonalizatu bat bidaliko da, eta, aldi honetan, aukera berri bat eskainiko zaie giza papilomaren birusaren (GPB) testa egiteko, hots, laginak norberak baginatik hartzeko prozedura.
Laginak norberak hartzeko teknika erraza dela esan du Osakidetzak, eta aukera ematen diola emakumeari baginako lagina etxean jasotzeko, modu seguruan eta pribatuan. Lagin horiekin, GPBaren presentzia aztertuko da, hori baita zerbixeko minbizi kasu gehienen arrazoia.
Baheketarako gonbidapen-gutunarekin batera, emakumeek laginak norberak hartzeko kit bat jasoko dute etxean. Kit hori honako hauek osatzen dute: hartualdia egiteko gailu bat (hisopoa), lagina biltzeko hodi esteril bat eta garraioa egiteko estalki-ontzi bat. Informazio-liburuxkaren jarraibideei jarraituz gero, kitak lagina etxean bertan eta erraz-erraz jasotzea ahalbidetzen du.
Prozedura mingabea, azkarra eta egiteko oso erraza dela esan dute, zientifikoki egiaztatuta dagoela, eta horrela hartutako laginak profesional sanitario batek hartutakoak bezain fidagarriak direla.
Lagina hartu ondoren, inguruko osasun-zentro batera eraman behar da. Ondoren, programaren ohiko kanalen bidez jakinaraziko zaizkie emaitzak emakumeei; hau da, bai SMS mezuen bidez, bai telefono bidez.
Laginak norberak hartzeko prozeduraren helburu nagusia da emakumeek zerbixeko baheketa ez egiteko maiz adierazten dituzten oztopoak murriztea. Oztopo horien artean denbora falta, kontsultara bertaratzeak eragiten duen deserosotasuna eta kontsultara joateko zailtasunak daude. Ondorioz, prozedura honen bidez, zerbixeko minbiziaren detekzioa erraztuko da; izan ere, minbizia eragin dezaketen lesioak goiz detektatzeko aldizkako probak eginez gero, utero-lepoko minbizia
% 80an murriztu daiteke.
Zerbixeko baheketaren GPBa detektatzeko laginak norberak hartzeko proiektua Euskadiko Osasun Itunaren onkologiako ildo estrategikoarekin dago lerrokatuta eta 2025-2030 aldirako Euskadiko Onkologia Planaren helburu estrategikoen parte da.