John Cabangek brontzezko domina lortu du Espainiako Txapelketan

Ataria 2026ko martxoaren 4a

John Cabang irurarrak brontzezko domina lortu du pista estaliko Espainiako Txapelketan 60 metro hesietako proban.

Real Sociedadeko atletak 7,74ko denbora egin zuen, eta laugarrenari bi ehuneneko atera zizkion. Urrezko domina Enrique Llopisek (7,51) lortu zuen eta zilarrezkoa Asier Martinezek (7,65).

Eskualdeko beste bi atleta ere izan ziren txapelketan, biak Real Sociedad taldekoak. Ander Martinez de Rituerto tolosarrak pertikan parte hartu zuen, eta zazpigarren postua lortu zuen 5,20 metroko jauziarekin. Gainera, denboraldiko marka onena egin zuen. Bere aldetik, Joseba Larrauri irurarrak 60 metroko proban parte hartu zuen, eta 6,88ko denbora egin ondoren, ezin izan zuen finalaurrekoetan sartu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!