Errigorak udaberriko kanpainari ekin dio

Ataria 2026ko martxoaren 5a

Boluntarioak Errigorako kaxak prestatzen.

Martxoaren 18ra arte egingo dira eskaerak. Kontzientzian eragiteko 'Eragin saskiari!' ekimena jarri dute martxan.

Errigorak udaberriko kanpaina jarri du martxan. Eskutik Eskura egiten dugu herria lelopean, Nafarroa erdi eta hegoaldeko oliba-olio, kontserba, arroza, lekale eta ardoak eskuratu ahalko dira, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. Martxoaren 18ra arte iraungo du kanpainak.

Aurtengo edizioa «are bereziagoa» egingo duen dinamika bat jarri dute, «kontsumitzaileengan hausnarketa eragiteko asmoz». Horretarako, Eragin saskiari! izeneko emankizun berezia sortu dute, Asisko Urmeneta marrazkilariaren parte hartzearekin. Martxoan zehar sei geltoki izango ditu dinamikak, eta bakoitzean ondorengo galderari erantzun beharko diote herritarrek: «Zergatik eragin behar dugu herritarrok gure elikaduran?». Bildutako hausnarketak batu ostean, behin kanpaina pasata, Errigorak kontsumitzaileen hausnarketa-kolektibo bat kaleratuko du. Horrek kontsumitzaile gehiagoren kontzientzia-hartzea bultzatuko duela uste dute.

Esku-eskura

Kanpaina honetan ere esku-eskura izango dituzte Errigorako produktuak herritarrek. Izan ere, Tolosaldeko 18 herritan jasoko dira produktuak: Abaltzisketa, Aduna, Alkiza, Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Berrobi, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Lizartza, Orendain, Tolosa eta Zizurkil.

Ordainketa egiteko hiru modu daude: kreditu txartelarekin, Bizum bidez edo eskudirutan. Ordainketa txartel bidez eginez gero, 150 eurotik gorako ordainketak bi zatitan egiteko aukera egongo da (erdia eskaera egiterako garaian eta beste erdia apirilean). Eskudirutan eginez gero, produktuak jasotzerakoan ordaindu beharko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!