Itxaso Erasun ez da izango finalerdietan

Ataria 2026ko martxoaren 2a

Itxaso Erasun, ezkerrean. EMAKUME MASTER CUP

Zizurkildarrak ligaxkako azken partida galdu du. Bestalde, Behar Zanako Miriam Arrillaga eta bere aurrelari Aldai izango dira finalaurrekoetan.

Master Laboral Kutxa Binakako Txapelketaren finalerdietan ez da Itxaso Erasun izango. Behar Zanako atzelari zizurkildarrak eta bere aurrelari Ibarrolak ligaxkaren azken partida galdu eta bosgarren postuan geratu dira sailkapenean. Bestalde, Miriam Arrillaga Behar Zanako pilotari aginagarrak lortu du sailkapena Aldai aurrelariarekin batera. Hain justu, finalerdiak Arrizabalaga-Bergara eta Ruiz de Infante-Mendizabal artean eta Sagardui-Gaminde eta Aldai-Arrillaga artean izango dira. Hurrengo igandean jokatuko dira partida horiek Agurainen.

Ligaxkako azken jardunaldia atzo jokatu zen Igorren, eta ikusmin handia sortu zuen harmailak beteta baitziren. Lehen partida hil ala bizikoa zuten Sagardui-Gaminde eta Ibarrola-Erasunek, garaipenetik harago, tanto bakoitzak ere berebiziko garrantzia izan zezakeelako sailkapenean postu bat igo edo behera egiteko. Gauzak horrela, lehia orekatua eta gogorra izan da, baina azkenerako Sagardui-Gamindek eraman zuten ez bakarrik puntua, baita bigarren postura igotzeko balio izan dien 22-11ko emaitza ere. Porrot horrek aukera gabe utzi zituen Ibarrola-Erasun, Ruiz de Infante-Mendizabalekin hiruna puntura berdinduta, azken hauek tanto gehiago egin dituztelako ligaxka osoa kontuan hartuta.

Bigarren partidak ez zuen horrenbesteko tentsiorik, bi bikoteek ziurtatuta baitzuten Agurainerako txartela. Eta igarri zen, izan ere, txapelketa osoan zehar bikote bezala asko batu badute ere, atzokoan Amaia Aldaik eta Miriam Arrillagak ez zuten euren egunik onena izan eta ezer gutxi egin ahal izan zuten, dudarik gabe, lehen ligaxka honetan bikoterik sendoena izan den Arrizabalaga-Bergararen aurka (22-2). Gernikarrak eta bergararrak jokatutako sei partidak irabazi dituzte eta txapela janzteko faborito garbiak dirudite, baina orain bikote guztiak hutsetik hasiko dira berriro.

Miriam Arrillaga, eskuinetik bigarrena. EMAKUME MASTER CUP

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!