Tolosaldea Garatzenek klima aldaketari buruzko ekitaldi irekia egingo du Lehiberri zentroan martxoaren 5ean, osteguna, 18:00etatik aurrera. Sarrera librea eta doakoa da.
Lehenik Tolosaldeko Klima eta Energia Plana aurkeztuko dute, eta ondoren, Unai Pascual Basque Centre for Climate Change (BC3)-ko eta Ikerbasque-ko ikertzaileak eskualdeak klima aldaketaren aurrean dituen erronkei buruzko hitzaldia emango du.
Planari dagokionez Tolosaldeko garapen agentziak esan du eskualdeak trantsizio ekologiko eta energetikoan eredu iraunkorrago baterantz aurrera egiteko beharra nabarmena dela, eta helburu horrekin, Tolosaldeko udalek bide-orria adostu dutela. «Bide-orri horren oinarria Tolosaldea eskualdeko eragile publiko eta pribatuek 2025 urtean zehar diseinatu duten 2030 urtera bitarteko ekintza-plana da. Dokumentu honetan jasotako helburu eta proposamen nagusien berri emango da saioaren lehen zatian».
Ondoren, Unai Pascualen txanda izango da. Euskal zientzialariak Klima larrialdiaren aurrean ekin: nor(k), nola, noiz? hitzaldia eskainiko du, eta bertan, besteak beste, klima aldaketaren aurrean administrazio ezberdinek eta norbanakoak dituen erantzukizun partekatuen gainean arituko da.
«Ekitaldia aukera paregabea izango da herritar, eragile ekonomiko eta sozial zein administrazio publikoentzat, klima-aldaketaren aurrean Tolosaldeak izango dituen erronkak eta aukerak ezagutzeko eta partekatzeko», esan du Tolosaldea Garatzenek.