Eskualdeko klima eta energia datuak emango dituzte ostegunean

Ataria 2026ko martxoaren 3a

Unai Pascual zientzialaria. Iturria: bc3research.org

Hitzorduan Unai Pascual Basque Centre for Climate Change (BC3)-ko eta Ikerbasque-ko ikertzaileak eskualdeak klima aldaketaren aurrean dituen erronkei buruzko hitzaldia emango du. 

Tolosaldea Garatzenek klima aldaketari buruzko ekitaldi irekia egingo du Lehiberri zentroan martxoaren 5ean, osteguna, 18:00etatik aurrera. Sarrera librea eta doakoa da.

Lehenik  eskualdeko klima eta energia datuak emango dituzte, eta ondoren, Unai Pascual Basque Centre for Climate Change (BC3)-ko eta Ikerbasque-ko ikertzaileak eskualdeak klima aldaketaren aurrean dituen erronkei buruzko hitzaldia emango du.

Datuei dagokienez garapen agentziak esan du eskualdeak trantsizio ekologiko eta energetikoan eredu iraunkorrago baterantz aurrera egiteko beharra nabarmena dela, eta helburu horrekin, Tolosaldeko udalek adostu duten bide orrian jasotako helburu eta proposamen nagusien berri emango dutela.

Ondoren, Unai Pascualen txanda izango da. Euskal zientzialariak Klima larrialdiaren aurrean ekin: nor(k), nola, noiz?  hitzaldia eskainiko du, eta bertan, besteak beste, klima aldaketaren aurrean administrazio ezberdinek eta norbanakoak dituen erantzukizun partekatuen gainean arituko da. 

«Ekitaldia aukera paregabea izango da herritar, eragile ekonomiko eta sozial zein administrazio publikoentzat, klima-aldaketaren aurrean Tolosaldeak izango dituen erronkak eta aukerak ezagutzeko eta partekatzeko», esan du Tolosaldea Garatzenek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!