Jokin Tolosak irabazi du Aiako XV. Mendi Lasterketa

Ataria 2026ko martxoaren 2a

Leire Elolak bigarren egin du, eta Mattin Intxaurrondo hirugarren izan da proba motzean.

Jokin Tolosa anoetarrak irabazi du Aiako XV. Mendi Lasterketa 1.29.18ko denborarekin. Aurten proba bakarra egin ordez bi antolatu dituzte, luzea 17,7 kilometrokoa eta motz 8 kilometrokoa. Luzean lortu du garaipena Tolosak, eta Mikel Usandizaga aiarra (1.29.55) eta Unai Martinez azpeitiarra (1.30.31) izan dira bigarren eta hirugarren. Leire Elola tolosarrak bigarren postua lortu du proba luzean 1.51.23ko denborarekin, eta oso gertu izan du irabazlea izan den Irati Larrañaga usurbildarra (1.51.08). Hirugarrena June Agirrezabalaga zarauztarra (1.53.43) izan da.

Proba motzean Mattin Intxaurrondo berastegiarra hirugarren izan da 42.28ko denborarekin, eta aurretik bi donostiar izan ditu: Eneko Mariño (41.03) eta Harkaitz Irazusta (42.23).

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea/GUKA

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!