Aurrenekoz judoko katako bikoteak lehen bi postuetan

Ataria 2026ko otsailaren 25a

Nage No Katako Madrilgo Espainiako Kopan lehen postuan geratu da Saralegi eta Regillaga bikoa, eta bigarrengoan Regillaga eta Etxarri.

Judo Klub Tolosako senior mailako Nage No Katako bi bikoteak gustura daude larunbatean Madrilen jokatu zen Espainiako Kopako proban lortutakoarekin. Unai Saralegi eta Unai Regillaga bikoak lehen postua lortu zuen, eta Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri bikoak bigarrena. Lehenengo aldia da horrelako txapelketa batean lehen bi postuak eskuratzen dituztela, eta hori da pozik egoteko arrazoia.

Lehen aldiz Espainiako Kopan sailkapena eta finala egin zituzten. Bai sailkapenean eta bai finalean Saralegi-Regillaga lehenengoak izan ziren eta Regillaga-Etxarri bigarrenak. Finalean Saralegi-Regillagak 406 puntu lortu zituen, eta Regillaga-Etxarrik 400,5. Hirugarren bikoak, Extremadurako Gomez-Nievesek eta Ayalak osatutakoak, 395 puntu lortu zituen.

Judo Klub Tolosako bi bikoteek hurrengo helburua hemendik bi astetara izango dute. Belgikara joango dira bertan jokatuko baita mundu mailako IJF Kata World Series zirkuituko bigarren proba.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!