Imanol Pradales lehendakaria eskualdean izan zen astelehenean. Amarotz auzoan egingo dituzten alokairuko babes ofizialeko etxebizitzen eremuan izan zen lehenik, eta 28 Kanalean ondoren. Bertan eskaini duen elkarrizketan esan du eskualdeko ospitale berriaren plan funtzionala aurki ezagutaraziko dutela.
Eusko Jaurlaritzak ospitale berriaren obrak 2028an hasi nahi ditu, eta horretarako beharrezkoa den esleipena martxan jarriko dela esan du. «Osasun Sailak aste honetan bertan emango du ezagutzera plan funtzionala, eta aste honetan bertan are garrantzitsuagoa den zerbait egingo dugu: ospitale berriaren erredakzio plana, hau da, esleipena onartuko dugu. Horrek esan nahi du 2028an obrak hasiko ditugula, eta 2031n ospitale publiko berria izango duela Tolosaldeak». Donostialdearekin batera hainbat mediku pasako dira Tolosaldeko ospitalean zerbitzua ematera, lehendakariak adierazi duenez.
Jakina da Asuncion Klinikako langileek, Onkologikoarekin egin bezala, euren subrograzioa eskatzen dutela, eta horri buruz ere hitz egin du: «Sailburuak eta Osasun Sailak sindikatuekin hitz egingo dute datozen egunetan, horretarako Osakidetzako mahai sektorialaren babesa behar dugu, sindikatuak daude mahai horretan. Lan poltsa bat egiteko aukera aurreikusten da, eta Asuncion Klinikako langileak dauden poltsa horretatik aukera bat dago langile horiek gero ospitale berrian sartzeko, horiei lehentasuna emanez. Baina mahai sektorialaren babesa eta onespena behar dugu».
Albisteak, tantaka
Osasun Sailak tantaka eman du orain arte ospitale berriari buruzko informazioa, baina azken hilabeteak mugarri izaten ari dira. Urrian esan zuen 200.000 euroko partida gordeko zuela Jaurlaritzak 2026ko aurrekontuan ospitalea egiteko, eta abenduan zehaztu zuen proiektua egiteko kostuaren kopurua: 107 milioi euro. Gainontzean, abenduko agerraldian ordura arte emandako datuak berretsi zituzten: Tolosan eraikiko duten ospitaleak 74 ohe eta 3 bloke kirurgiko izango ditu, eta Gipuzkoa osoan erreferentziazkoa izango da diagnostikoak eta proba osagarriak egiteko. Kopuruaren berri Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako ospitaleetako arretara bideratuko duten partidaren berri emateko agerraldian eman zuten. 842,7 miloi euro dira horretara bideratuko dituztenak, eta partida horren barruan egingo dituzten inbertsio garrantzitsuenen artean dago ospitalearena.
Kezkatuta
Bien bitartean, eskualdean informazioa eskatzen ari dira bai Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformako kideak, eta baita eskualdeko osasun arreta bermatu dadin sortutako Alkateen Mugimendua ere. Azken honek, asteburu honetan bertan, lau eskaera zehatz egin dizkio Osasun Sailari: egin asmo duten ospitale berriaren plan funtzionalaren berehalako aurkezpena, datozen urteetako kronograma zehatz eta partekatua, ospitale publiko bat izan bitartean kalitatezko osasun arreta behar bezala bermatzea, eta Asuncion Klinikarekin lehenbailehen hitzarmen bat sinatzea, «trantsizio aldiko kalitatezko osasun arretaren oinarriak eta betebeharrak argi ezarriko dituena».
Astelehenean Imanol Pradales lehendakariak lehen eskaerari erantzun zion beraz: datozen egunetan emango dute plan funtzionalaren berri. Baina ez da lehen aldia Alkateen Mugimenduko kideek informazio hori eskatu diotela Osasun Sailari. Urrian Osasun Sailarekin bildu ziren, eta bertan «egin asmo duten zentro berriak emango dituen zerbitzuak 2025eko azarorako zehazteko konpromisoa» hartu zuela esan zuten. «Bileraren ondoren, alkateok, aurkeztutako proposamenaren norabidea egokitzat jo bagenuen ere, argi adierazi genuen informazio asko falta zela eta galdera asko erantzun gabe zeudela oraindik. Proiektuaren xehetasun teknikoak, zerbitzuen antolaketa, baliabide eta langileen integrazioaren baldintzak, besteak beste».
Lehendakariak Asuncion Klinikako langileen subrogazioarena «aukera bat» dela esan berri du, eta hori da, hain justu, Asuncion Klinikako enpresa batzordeak eskatzen duena. Eusko Legebiltzarrean izan ziren abenduan, eta orduan esan zuen etorkizunari buruzko ziurtasunik ez zutela. Argitu zuten promesa asko egin arren, oraindik ere ziurgabetasuna zela nagusi. «Egungo egoerari begirada azkar bat emanez gero, ondorio garbi bat atera genezake: ez dago bermatuta langileok aspalditik mahai gainean jarritako aldarrikapen bat bera ere». Egin asmo duten ospitalearen plan funtzionalik ez zutela esan zuten, eta, beraz, ez zekitela zer gertatuko den Asuncioneko instalazioekin, ospitale berriak zein zerbitzu izango dituen, Asuncioneko langileek bertan lanean jarraituko ote duten, edo Osasun Sailaren hitzarmenaren berri ere ez zutela.
TOPA plataformak ere behin eta berriz eskatu du ospitaleko plan funtzionala eta baita langileen subrogazioa bermatu dadila ere. Azken agerraldian esan zuten plan funtzionala ezagutzea ezinbestekoa dela, eta 2025 urtea bukatu baino lehen izango zutela agindu bazuten ere, oraindik ez dagoela. «Eraikin berri bat egiteko asmoa da argi dagoen gauza bakarra».