Sarrigurenen (Nafarroa) gertatutako erailketa matxista —Euskal Herriko urteko lehena— salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte gaur eskualdeko hainbat herritan, Berastegin (irudian), Tolosan, Anoetan eta Villabona eta Zizurkil arteko oinezkoen zubian, kasu.
Mugimendu feministatik adierazi dute ez direla gertakari isolatuak, eta sistema «zisheteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonialak» ahalbidetzen dituela horrelako ekintza deitoragarriak. Indarkeria matxista ez da kasualitatea, sistema zapaltzaile honen ezinbesteko tresna baizik. Patriarkatuak gizonei ematen dien zigorgabetasunak eta 'jabe' izatearen usteak elikatzen du indarkeria hau. Ez da pasio-kontu bat, boterearen erabilera hiltzailea baizik».
Indarkeria matxista «gizonek sortzen eta elikatzen duten egiturazko arazoa» dela esan dute, gizonen isiltasuna «konplizitatea» dela eta euren gain ere badagoela erantzukizuna. Erakundeei, berriz, «diskurtso hutsak eta keinu sinbolikoak» alde batera uzteko eskatu eta «benetako baliabideak» jar ditzatela emakumeen eta haien seme-alaben babeserako exijitu diete.
Tolosako Udalak bat egin du mugimendu feministaren aldarriekin, eta gehitu du emakumeek eskura dituztela babeserako udal baliabide eta zerbitzuak.