Hirugarren puntua lortu dute Erasunek eta Ibarrolak

Ataria 2026ko otsailaren 23a

Atzelari zizurkildarrak eta bere aurrelariak Laboral Kutxa Binakako Pilota Txapelketako partida irabazi dute Asteasun.

Usarrabi frontoia bete egin zen atzo goizean Laboral Kutxa Binakako Pilota Txapelketako partidak ikusteko. Elite mailan Itxaso Erasun Behar Zanako atzelari zizurkildarrak eta bere aurrelari Ibarrolak 22-16 irabazi zioten Ruiz de Infante eta Mendizabal bikoteari. Hori horrela, lau onenetan sartu eta finalerdiak jokatzeko garaipen garrantzitsua izan da. Txapelketa oso orekatua eta lehiatua izaten ari da aurtengo binakakoa, eta azken jardunaldira arte ez da jakingo zer lau bikotek jokatuko dituzten finalerdiak. Ostiralean Ortuellan eta igandean Igorren uxatuko dira zalantza guztiak.

Ibarrola-Erasun bikoak azkenerako nahi baino gehiago sufritu zuen hirugarren postuan sendotu dituen hirugarren puntua eskuratzeko. Zizurkilgo atzelariak bikotearen zama bizkar gainean hartuta, partida osoa aurretik eman zuten eta 21-9 ere aurreratu ziren Ruiz de Infante-Mendizabalen aurka. Urdinek, orduan, berpizte bat izan zuten eta 21-16 ere gerturatu dira, baina buelta eman ahal izateko desabantaila handiegia pilatua zuten eta azkenerako amore eman behar izan zuten.

Zazpi Itturri elkarteko Maria Balerdik ere jokatu zuen Asteasuko jaialdian, promesa mailan. Itsasne Lizarralde atzelariarekin batera 8-18 galdu zuen Intza Arruti eta Dunixe Alberro bikotearen aurka.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!