Tolosaldeko Alkateen Mugimendua kezkatuta dago eskualdeko osasun arretaren egoerarekin. Hori dela eta, mugimenduak lau eskaera egin dizkio Osasun Sailari; egin asmo duten ospitale berriaren plan funtzionalaren berehalako aurkezpena, datozen urteetako kronograma zehatz eta partekatua, ospitale publiko bat izan bitartean kalitatezko osasun arreta behar bezala bermatzea, eta Asuncion Klinikarekin lehenbailehen hitzarmen bat sinatzea, «trantsizio aldiko kalitatezko osasun arretaren oinarriak eta betebeharrak argi ezarriko dituena».
Ez da lehen aldia Alkateen Mugimenduko kideek informazio hori eskatzen diotela. Gogoratu dute urrian Osasun Sailarekin bildu zirela, eta bertan «egin asmo duten zentro berriak emango dituen zerbitzuak 2025eko azarorako zehazteko konpromisoa» hartu zuela esan dute. «Bileraren ondoren, alkateok, aurkeztutako proposamenaren norabidea egokitzat jo bagenuen ere, argi adierazi genuen informazio asko falta zela eta galdera asko erantzun gabe zeudela oraindik. Proiektuaren xehetasun teknikoak, zerbitzuen antolaketa, baliabide eta langileen integrazioaren baldintzak, besteak beste».
Ekaineko bileratik zortzi hilabete eta urriko bileratik lau hilabete pasa direla, eta konpromiso hori ez dela bete esan dute, «eta udalok ez dugu ez plan funtzionalik, ez eta bestelako dokumenturik jaso. Bestetik, publiko egin diren data dantzen aurrean, datozen urteei begirako kronograma argi eta fidagarria eskatu genuen, baina informazio hori ere ez zaigu helarazi».
Horiek horrela, azken bileran proposamenak mahai gainean jarri baziren ere, ez da aurrerapauso «errealik» eman euren ustez, «ez erabaki lotesleetan, ez dokumentu ofizialetan». Ospitale berriak zer zerbitzu eskainiko dituen ez dagoela zehaztuta esan dute, eta ez dakitela ere Tolosaldeko osasun sistemaren egitura integrala zein izango den. «Ondorioz, behar bakoitza non eta nola artatuko den ez dakigu». «Proposamen berria martxan jarri bitarteko trantsizio aldia nola izango den ere definitu beharra dago. Testuinguru honetan, Asuncion Klinika ezinbesteko tresna izango da, eta Osasun Sailak honekin sinatuko duen hitzarmenak aparteko garrantzia du. Hurrengo hitzarmenak ez luke jarraipeneko akordio hutsa izan behar, datozen urteetarako Tolosaldeko osasun arretaren oinarriak ezarriko dituena baizik».
Alkateen Mugimenduko kideek esan dute Tolosaldeko herritarrek «argitasuna, zehaztasuna eta erantzukizuna» merezi dituztela, eta bide horretan, Tolosaldeko alkateek berriz ere mahai gainean jartzen dutela Osasun Sailarekin eta gainerako erakundeekin lankidetzan aritzeko prestutasuna.