Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak egin du Lurraldebuseko pasa den urteko balantzea, eta esan du zerbitzuak inoizko bidaia kopururik altuena izan zuela; guztira 31,2 milioi bidaia izan zituen, 2024an baino 2,4 milioi gehiago.
Dominguezek zehaztu du TO07 lineak (Tolosa>Anoeta>Irura>Villabona>Zizurkil>Asteasu) 91.514 bidaia egin zituela 2025ean (2024an baino % 11,83 gehiago), TO02 lineak (Tolosa>Ibarra>Berrobi>Elduain>Berastegi) 87.178 bidaia egin zituela (2024an baino % 4,09 gehiago), eta TO01 lineak (Tolosa>Alegia>Amezketa>Abaltzisketa) 81.752 bidaia izan zituela (2024an baino % 5,51).
Erabiltzaileen profilari dagokionez, esan du hamarretik ia sei emakumeak izan zirela, zehazki % 59,31, eta gizonak, berriz, % 40,69. «Datu horiek erakusten digute pertsonak erdigunean jartzen dituzten eta erabiltzaileen beharrak kontuan hartzen dituzten garraio publikoaren erabilera sustatzeko neurriak hartzen direnean, herritarrek bikain erantzuten dutela». «2025ean garraio publikoaren aldeko apustu garbia egin genuen, 61 milioi euroko aurrekontuarekin Lurraldebusen, zerbitzua hobetzeko eta linea berriak eskaintzeko. Gainera, errefortzuen eta zerbitzu berezien aldeko apustuari eutsi diogu eta gure autobusak berritzeko inbertsio handia egin dugu», gaineratu du.
Datuak ikusita 2025a Lurraldebusen historiako urterik onena izan dela nabarmendu du diputatuak. «Oso argi dugu garraio publikoak hezkuntza, osasuna, lana edo aisialdia bezalako oinarrizko eskubideetarako sarbidea ematen duela, eta errenta-maila edo bizilekua edozein dela ere aukera-berdintasuna sortzeko aukera ematen duela. Horregatik, 2026an, gure zerbitzuak zabaltzeko eta hobetzeko lanean jarraituko dugu».
Lurraldebusek 68,4 milioi euroko aurrekontua izango du 2026an: «Inoiz ez du horrenbesteko inbertsiorik izan Gipuzkoako garraio publikoak, eta apustu horri esker, helarazten ari zaizkigun premiei aurre egiteko aukera dugu, gainerako erakundeekin, gizarte-eragileekin eta, oro har, herritarrekin lankidetzan arituz».