Jokin Altuna finalerdietako ligaxkan da

Ataria 2026ko otsailaren 19a

Altuna III-Ezkurdiak 22-12 irabazi diete Zabala-Martijari, gaur arratsaldean Tolosako Beotibarren jokatu den partidan. Lehen zati borrokatu baten ondoren, bigarren zatian gorriek partida haustea lortu dute. Finalerdietako ligaxka otsailaren 28an hasiko da.

Tolosako Beotibar lepo bete da kanporaketa handi bat ikusteko gogoz. Altuna III.a agintzen hasi da, eta markagailua alde jarri zaie. Ondoren, ordea, urdinen bolada etorri da eta Martija jokoan sartzen hasi denean nagusitasuna erakutsi dute. Gorriek pilota hartu dutenean, ordea, luze jokatzen hasi dira, eta ondo irten zaie. Partida erdira arte oso tanto luze eta gogorrak jokatu dituzte, eta horrek bigarren zatian eragina izan du. Altuna III.ak eta Ezkurdiak uneoro Zabalaren eskuina bilatu dute, eta partidako tarte batzuetan errioxarra etsita ikusi da. Bigarren zatian gorriak erabat nagusitu dira, 22-12 irabaziz partida.

Finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldia otsailaren 28an eta martxoaren 1ean jokatuko da, Atanon eta Nafarroa Arenan. Hiru bikote sailkaturik daude, laugarrena falta da, beraz. Jaka-Iztuetak badute txartel hori lortzeko aukera. Horretarako, bihar, Amorebietan irabazi egin beharko dute, Larrazabal-Landaren aurka. Atzelari oiartzuarrak Mariezkurrena II.a ordezkatuko du. Ondoren, igandean, Arrasaten jokatu beharko dute, hain justu gaurko partida galdu duen bikotearen aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!